Afrika mendebaldeko Afganistan

Mali iparraldean tuaregen Azawad eremuan nazioarteko esku hartze militarra egiteko aukera indarra hartzen ari daBatasun nazionaleko gobernua eratzeko jarritako epea bihar amaituko da Malin

Afrika mendebaldeko Afganistan.
Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Hedabideetako titulu nagusiak Siriarentzat badira ere, nazioarteko agendan gero eta pisu handiagoa ari da hartzen Sahel, Afrika iparraldeko eskualde zabala. Senegal, Mauritania, Mali, Aljeria, Burkina Faso, Niger, Nigeria, Txad, Sudan, Hego Sudan eta Eritreako lurrak hartzen ditu Saharako desertuaren hegoaldean kokatutako eremuak. Han Al-Qaedaren indarrak errotzen ari direla ohartarazi dute Mendebaldeko potentziek. Afganistanekin parekatu dute, eta Sahelistan izena ere asmatu du Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroak. Bereziki, Malin jarri dute arreta gunea, eta, zehazki, herrialdearen iparraldean, joan den apirilaz geroztik tuaregek estatu independente aldarrikatutako Azawad eremuan. Nazioarteko esku hartze militarraren aukera indarra hartzen ari da, handiak baitira Mendebaldeko potentziek tuaregen eremu horretan dituzten interesak —uranioa, petrolioa eta gasa—. Le Drianek aukera «desiragarri eta saihetsezintzat» jo zuen joan den astean.

«Bide guztiak erabili behar dira Maliko zati hori Sahelistan bat bihur ez dadin, izan ere, ikusten ari garen osagarri guztiek horixe iradokitzen dute», azaldu du Le Drianek. Frantziak baieztatu du Azawad Malirentzat berreskuratzeko esku hartze militarra babestuko duela, eta gaineratu du espero duela Bruselak ere gauza bera egitea. Dena dela, Frantziak ez du «lehen pausoa» emango. «Ekimenak Afrikako indarrena izan behar du; bereziki, ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Komunitatearena eta, agian, Afrikako Batasunarena».

Izatez, ECOWAS prest dago Malira 3.300 soldadu inguru bidaltzeko, Bamakoren armadarekin Azawadez jabetzeko. Baina NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren oniritziaren zain dago, eta laguntza logistikoa eskatu die Washingtoni eta Parisi, Maliren metropoli ohiari. Baiezkoa eman diete biek.

Maliko militarrek martxoan Amadou Toumani Toure presidente ohiaren kontrako estatu kolpea jo osteko nahasmena aprobetxatu zuen MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak tuaregen lurraz jabetzeko. Dena den, korapilatutako adar askok osatzen dute Azawadeko eta, oro har, Saheleko gatazka. Mendebaldeko potentzien arabera, Muammar Gaddafiren porrotaren ostean Libiatik armaz josita bueltatu zirelako lortu dute tuaregek Azawad kontrolpean hartzea.

Gatazkaren ondorioz, Azawadetik 400.000 lagunek ihes egin dute auzoko herrialdeetara, eta Malin oraindik ez dute agindutako trantsiziorik egin. Militarren esku jarraitzen du aginteak. Horrek, neurri batean, zaildu egiten du nazioarteak modu nabarmenean Bamakori laguntzea, kolpe militarra babestea ekarriko bailuke praktikan.

ECOWAS presio egiten ari zaio Dioncounda Traore Maliko behin-behineko presidenteari, eta Traorek hiru eguneko epea eman zion joan den domekan Cheick Modibo Diarra behin-behineko lehen ministroari batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko. Bihar amaituko da epea, beraz. Herenegun, hain zuzen, 50.000 inguru lagun elkartu ziren Bamakoko futbol zelai nagusian Azawaden «baketzearen alde» deitutako manifestazioan.

Bitartean, negoziazioak

Esku hartze militarra egiteko bedeinkapena jaso artean, negoziazioak hasi ditu Maliren auzoko Burkina Fasok Azawadeko islamistekin, ECOWASen babespean. Izan ere, lurraldearen burujabetza MNLAren matxinadari esker lortu arren, horiek Ansar Dine milizia islamistarekin ituna egin dute xaria lege islamikoan oinarritutako estatu islamikoa sortzeko. Al-Qaedarekin lotzen du Ansar Dine Mendebaldeak.

«Eskualdearen egoera larria izan arren, elkarrizketarako tartea egon behar da», esan du Dijibrill Bassole Burkina Fasoko Atzerri ministroak Gao hirian Ansar Dineko ordezkariekin bildu ostean, eta tuareg islamistei «bake mezu bat» helarazi die. Beste aldeak ere begi onez ikusi du Malirekiko gatazka konpontzeko bide diplomatikoaren aukera. «Ados gaude. Babesten dugu eta onartzen dugu Blaise Compaore Burkina Fasokoko presidentearen bitartekaritza», esan du Iyad Ag Ghaly Ansar Dineko buruak.

Mendebaldearen interesak

Europako Batasuna «oso arduratuta» dago Azawadeko egoerarekin, eta «terrorismoaren kontrako borrokarako» misio berezi bat abiatu du Sahelen. Austria, Belgika, Espainia, Frantzia eta Italiako 60 militar bidaliko ditu Bruselak Mauritaniara, Malira eta Nigerrera, «tokiko agintariak terrorismoaren kontrako eta krimen antolatuaren kontrako borrokan entrenatzeko». Bi urteko iraupena izango du misioak, eta zazpi milioi euro gastatuko ditu EBk.

Bestalde, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek «Mali iparraldea kontrolatzen duten talde islamisten kontrako zigor zehatzak» hartzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari. Eta Afrikako Batasunarekin eta ECOWASekin jarrera bateratu bat adosteko.

Lehendik ere, dena dela, nazioartearen kontrol militar handia dago Sahelen. AEBetako armadarena batez ere. Afrikarako erakunde militar berezia sortu zuen Washingtonek 2006an, AFICOM, «giro egonkorra bultzatzeko» programa eta ekintza militarrak egiteko helburuarekin. Etxe Zuriak diruz hornitu ditu Afrikako zenbait estatutako armada, eta Malik jaso du gehien; ofizialki, tuaregen matxinada saio oro isilarazteko. Frantziak ere, presentzia militar handia du Sahel inguruan: Senegalen, Boli Kostan edo Txaden, esaterako. Zer arrazoi daude, baina, hainbesteko kontrol militaren atzean?

Bertsio ofizialaren arabera, «terrorismoa garaitzea edo saihestea» eta «egoerari egonkor iraunaraztea». Aditu askok, ordea, bestelako arrazoi bat nabarmendu dute: baliabide naturalak ustiatzea. Hego Afrikaren eta Ghanaren atzetik, Mali da Afrikako urre ekoizle handiena. Gainera, Azawaden daude petrolio, gas eta uranio hobiak. 850.000 kilometro koadroko eremu idorra hartzen du Azawadek —Frantziak, esaterako, 675.417 kilometro koadroko azalera du—, eta 1,5 milioi inguru lagun baino ez dira bizi han. Batez ere, Frantziak ustiatu izan ditu hango uranio erreserbak, energia nuklearra elikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.