Nazioarteko beste eragile batzuk bezala, Afrikako Batasuna ez da fio Burkina Fasoko armadaz, eta larunbatean herrialdearen agintea hartu ostean, bi aste eman dizkio trantsizio politikoa gidatuko duen gobernu zibil bat osatzeko. Erakundearen Bake eta Segurtasun Batzordeak ebazpen hori atera du hiru orduz bilduta egon ostean.
"Burkina Faso normaltasun konstituzionalera itzuliko da ahalik eta lasterren", esan du aurretik Isaac Zida lotinant koronelak, eta gaineratu du gizartearen hainbat ordezkarirekin negoziatzen ari direla trantsizioa gidatuko duen gobernua nola osatu.
Gobernu horren burua zibil bat izango dela adierazi die Burkina Fasoko hedabideek jaso dutenez, eta kontsentsuz aukeratuko dutela.
Zidak larunbatean hartu zuen agintea, Blaise Compaorek 27 urteren ondoren utzi eta gero. Armadaren asmoa hasiera batean hauteskundeetan presidente bat hautatu bitartean trantsizioa gidatzea zen, baina nazioartetik hainbat presio jasan ditu.
Nazio Batuen Erakundea, Afrikako Batasuna eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Batasun Ekonomikoko Batzordea agertu ziren mesfidati. Zidak, baina, gaur esan du armadak "sekula" ez zuela jardun politikoak eragin nahi izan, eta une honetan berak agintea hartu badu izan dela Burkina Fasoko alde guztiek eskatu diotelako, "ez zedin kaosa nagusitu".