ebola

Afrikako Batasunak "mundu mailako erantzun bat" eskatu du Ebola gelditzeko

Afrika ekialdean gutxienez 729 lagun hil dira gaitzak jota.

Merkatari bat eskuak garbitzen, Liberian. AHMED JALLANZO / EFE
2014ko abuztuaren 1a
11:44
Entzun

Ginean, Sierra Leonan eta Liberian Ebola kasu gehiago agertu dira azken egunetan. Egoeraren larria ikusita, Nkosazana Diamini Zuma Afrikako Batasuneko batzordeko presidenteak "adostutako ekintza bat" eskatu du, "mundu mailako erantzun bat". Hildakoak gutxienez 729 dira, eta 1.300 kutsatutakoak.

Kasu gehien Ginean, Sierra Leonan eta Liberian dute; hala ere, duela astebete Nigeriara ere hedatu zen gaitza, eta hildako bat eragin. Herrialde horietako batzuetan hasiak dira neurriak hartzen; Sierra Leonan, esaterako, larrialdia ezarri dute. Gaixotasunaren epizentro guztiak berrogeialdian jarriko dituzte, eta leku publikoetan bilera jendetsuak mugatu. Gainera, hiriburuko aireportuan segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Libanon ere zenbait neurri hartu dituzte, kutsatzea eragozteko.

Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du Ebola birusak kutsaturikoak dituzten herrialdeek mugak jar ditzaketela pertsonen zirkulazioari dagokionez. Dena den, Margaret Chan antolaketako zuzendari nagusiak argitu du erabaki horiek herrialde bakoitzaren egoeraren arabera hartuko direla.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.