Protestak herrialde arabiarretan

Afrikako Batasunaren bide orria onartuko du Gaddafik

«Libiako herriaren nahia era baketsu eta demokratikoan» errespetatzeko beharra zehaztu dute agiri batean

Erredakzioa
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
AB Afrikako Batasunaren Libiarako Goi Mailako Batzordeak proposatutako bide orria aplikatuko duela jakinarazi du Muammar Gaddafiren erregimenak. Bide orri horren arabera, Libiako Gobernuak konpromisoa hartuko du «herriaren nahia» beteko duen prozesu politiko bat «era baketsuan eta demokratikoan» garatzeko. Etiopiako hiriburu Addis Abeban egin dute bilkura ABko herrialdeek, eta Libiako erregimeneko eta oposizioko ordezkariak joatekoak ziren. Erregimenaren aldetik Herri Kongresuko bozeramaile Mohamed Zaui joan da, baina oposizioak ez du inor bidali. Bileran izan dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Errusiako, Txinako, Arabiar Ligako eta Herrialde Islamikoen Konferentziako ordezkariak, bertzeak bertze.

ABren batzordeko buru Jean Pingek adierazi du Libian bi aldeen arteko akordioa lortzeko «nahikoa oinarri» dagoela. Pingen arabera, akordio horren bidez hauteskundeak egin beharko lirateke, «erakunde demokratikoak sortzeko». Era berean, Pingek salatu du nazioarteak ABren rola «gutxietsi» duela. Gaddafiren ordezkariak bide orria onartzeko prest agertu badira ere, koalizioaren bonbardaketak eta itsas bahimendua bukatzeko eskatu dute. Libiako oposizioko kide Mustafa Gerianik adierazi du, ordea, haien jarrera «argia» izan dela hasieratik: «Negoziaziorik ez». «Gaddafik egin behar duen gauza bakarra da bonbardaketak gelditu eta herrialdea uztea».

Konponbide «politikoa»

Frantzia eta Erresuma Batua ere Libiako gatazka konpontzeko «bide politikoa eta diplomatikoa» jorratzen ari dira. Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk adierazi duenez, konponbidea ez dela «soilik militarra» erakutsi nahi dute Parisek eta Londresek. Proposamenari buruzko xehetasunik ez du eman, eta jakinarazi du heldu den asteartean aurkeztuko dutela, nazioarteko koalizioak Londresen eginen duen bileran. Hala ere, eraso militarrekin jarraituko dutela argi utzi dute bai Sarkozyk, bai Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek. «Esku hartzearekin, libiarrei aukera ematen diegu euren etorkizuna aukeratzeko hiltzeko beldurrik eduki gabe», adierazi du Cameronek.

Gatazkari «irtenbide politikoa» emateko asmoa iragartzeaz gain, Sarkozyk berretsi du esku hartzearen ekimen politikoa nazioarteko koalizioaren esku egonen dela, eta, herenegun jakinarazi bezala, NATOk soilik ekintza militarren zuzendaritza hartuko duela. NATOk ezin ditu Libiako erasoan parte hartzen ari diren herrialde guztiak «xurgatu», presidentearen arabera —Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak paratu ditu adibidetzat—. «Gaddafiri mesede eginen genioke koalizio baten ordez NATO bakarrik dagoela erranen bagenu». Sarkozyrentzat arazo handia litzateke Arabiar Ligaren «laguntza» galtzea.

Nazioarteko koalizioak duela astebete hasi zituen bonbardaketak, eta aste osoan NATOko kideak aliantzaren parte hartzearekin ados jarri ezinda egon dira, Turkiak eta Alemaniak aurkako jarrera baitzuten. Lehenik, armen bahimendua ezartzeko itsas zaintzarako ontziak bidaltzea onartu zuen aliantzak, eta herenegun, aire eremuaren debekua zuzentzeari ere baiezkoa eman zion. NATOko bozeramaile Oana Lungescuk jakinarazi du «hurrengo egunetan» Libian eginen diren nazioarteko operazio guztien zuzendaritza hartuko duela aliantzak, bonbardaketak barne. Hala ere, Sarkozyk argi utzi nahi izan du aginte katean, NATOren gainetik egonen dela nazioarteko koalizioa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.