Afrikako gobernuburuak hitzordua dute gaur eta bihar Gambiako hiriburuan, Banjulen, eta kontinentea odolusten ari diren krisiak izango dituzte hizpide. Sudango Darfur eskualdeko afera, Somaliakoa, Boli Kostakoa, eta Txadeko presidente ohi Hisen Habreren geroa eztabaidatu dituzte, besteak beste. Bilerak ez du, edonola ere, hasiera onik izan. Afrikako Batasunekoestatuetako atzerriko ministroek atzera bota zuten atzo kontinentea demokrazia bidean jartzeko itun bat goi bileran eztabaidatzeko proposamena.
Txadeko presidente ohiaren etorkizuna erabakiko dute goi bileran. Habre Senegalen bizi da, erbesteraturik, eta Belgikak epaitu egin nahi du bere agintaldian, 1982-1990, gizateriaren aurkako krimenak egin zituela egotzita. Habre Belgikara bidaltzea edo Senegalen bertan epaitzea aztertuko dute Afrikako agintariek. Darfurren Afrikako Batasuneko indarren egonaldia luzatzea erabakiko dutela espero da, Sudanek ez dituelako Nazio Batuen Erakundeko tropak nahi. Somalian milizia islamisten eta tribuetakoen arteko borroken inguruko iritzia emango dute, eta Boli Kostako bake prozesuaren egoera aztertuko dute.
DEMOKRAZIARAKO ITUNIK EZ. Goi bilerako agenda prestatzeko batzarrak egin dituzte atzerri ministroak azken egunotan. Proposamenetako bat itun bat zen, hauteskunde prozesuak bultzatzeko, estatu kolpeak galarazteko eta aukeraturiko presidenteak agintean mugagabe jarraitzea saihesteko.
Lehenengo bi puntuetan bat etorri ziren atzerri ministroak, ez, ordea, azkenean. Izan ere, Afrikako bost estatutan presidenteak karguan daude azken 10 urteotan, eta ez dituzte presidentetzarako bozak antolatu. Horrez gain, beste zazpik bi agintaldi egin dituzte dagoeneko.
Afrikako Batasunaren goi bileran kontinenteko krisiei buruz eztabaidatuko dute gaur eta bihar
Afrikan demokrazia bultzatzeko itun proposamena ez dute eztabaidatuko bilkuran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu