Afrikako Berlusconi

Kristina Berasain Tristan.
2009ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Tankera bereko esaerak botatzeagatik edo egin izan dituzten agerraldi bitxiengatik baino ez bada, antz handia dutela esan zitekeen. GIB birusa zuen emakume bat bortxatzeaz akusatu zutenean, ez kutsatzeko dutxa hartu zuela. Horixe izan da haren perletako bat. Haren agerraldi gogoangarriena ere oraino ez dute ahaztu hainbatek. Soinean lehoinabar oihala eta eskuan lantza bat zuela, dantzatu zen, bere abesti kutunena kantatzen: Ekarri nire metrailadorea.

Parekotasuna, baina, ez da soiltasun horietan gelditzen. Agerraldi xelebreak eta adierazpen polemikoak egiteaz gain, euren bizimoduari erreparatuz ere parean jar daitezke Silvio Berlusconi eta Jacob Zuma. Azken horrek aurrekoak bezainbat auzibide izan ditu zabalik, ustelkeria, iruzurra, xantaia eta dirua zuritzea direla medio. Gerora hamaseira jaitsi baziren ere, hasiera batean 600 salaketa zeuden haren kontra. Horrexegatik, hain zuzen, galdu zuen presidenteorde kargua 2005ean. Thabo Mbeki presidenteak kendu zuen kargutik, arma enpresa baten eroskeria onartu zuelakoan. Presidentetzara ere modu deigarrian iritsi da: bozak izan baino hamabost egun lehenago haren kontrako kargu guztiak erretiratu zituen Fiskaltzak. Abokatuek frogatutzat utzi zuten tartean interes politikoak izan zirela eta horrek auzibidearen legezkotasuna urratzen zuela. Akats teknikoa izan zen, baina nahikoa presidentea izango zena kargutik kentzeko; delitu zantzuak, hala ere, bere horretan zeuden.

Berlusconi eta Zumaren arteko aldeak, baina, nabarmenak dira bestelako alorretan, bereziki bizi izandakoa aintzat hartuz. Zuma (Inkandla, 1942) jatorri apalekoa da. Ez zuen aitarik eta, haurra zela, amari etxeak garbitzen lagundu zion; 12 urterekin utzi behar izan zuen eskola. ANC Afrikako Kongresu Nazionalean 17 urterekin eman zuen izena, eta hiru urte geroago alderdiaren adar armatuan sartu zen: Umkhonto we Sizwen. Nelson Mandela preso egon zen kartzela berean egon zen hamar urtez: Robben uhartean. Erbestera joan zen ondoren, eta 1990ean itzuli zen Hegoafrikara. Mandelak, presidente kargua hartzean, alderdiko presidente izendatu zuen, jada apartheidaren kontrako borroketako ikur zela. Mbekik, berriz, herrialdeko presidenteorde kargua eman zion 1999an.

ANCren zatiketak mesede egin zion: alderdiak abenduan aukeratu zuen bozetan lehiatzeko. Hegoafrikan demokrazia ezarri zenetik laugarren presidentea izango da orain.

Zumari xarma izatea aitortzen diote denek, aurkariek ere bai; azken horiek ume txiki baten modukoa dela zehazten badute ere. Beltzek pobre izan zelako sentitzen dute gertuko, eta zuriek populista delako urruneko; demokraziarentzat arriskutsua izan daitekeela ohartarazteraino. Irudi eztabaidatua da, behinik behin, berea.

Zumak hemezortzi seme-alaba eta lau emazte ditu. Zulua da -poligamia onartzen dute-.

KRISTINA BERASAIN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.