Israelgo Gobernuak piztu zuen metxa herenegun etorkinen kontrako lege gogorra onartu zuenean, eta atzo piztu zen lehenengo sua Jerusalemgo langile eritrear batzuen etxean. Ezezagun batzuek su eman zioten etxe bati hiriaren erdialdean goizaldean, barruan paperik gabeko Eritreako 50 langile zeudela. Lau lagun ospitalera eraman behar izan dituzte suhiltzaileek, gorputzean erredurekin eta kea arnastuta. Eraikinaren hormetan Zoazte gure auzotik idatzi dute. Eli Yishai Barne ministroak berehala gaitzetsi du erasoa: «Ez dago inolako justifikaziorik jendearen bizitza arriskuan jartzen duen horrelako krimen lazgarri bat egiteko». Arrazismoaren sua, baina, piztuta dago jadanik.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak joan den hilean agindu zuen «infiltratutakoen arazoa» konpondu beharra zegoela eta Tel Avivek «konpondu» egingo zuela. Afrikako etorkinez ari da Netanyahu «infiltratuak» aipatzen dituenean. Gobernuaren arabera, azken hiru urteetan nabarmen hazi da Israelera Afrikatik iritsitako etorkinen kopurua: hilabetean 2.000 lagun iazko abenduaz geroztik, Sudandik eta Eritreatik gehienak. Tel Aviven arabera, 60.000 inguru etorkin afrikar daude Israelen —7,8 milioi lagun bizi dira herrialdean—. Sabine Haddad Barne Ministerioko bozeramaileak azaldu du kopuru horrek Israelgo Estatuaren izaera judua «arriskuan» jartzen duela eta horregatik onartu dutela legez kanpoko etorkinak hiru urtez kartzelan sartu ahal izateko legea. Infiltratuen legea ezizenez egin da ezaguna lege berria.
Herenegundik indarrean dagoen lege horren arabera, Tel Avivek hiru urtera arteko kartzela zigorra ezar diezaieke paperik gabeko etorkinei eta bost urtetik hamabost urtera arteko espetxe zigorra delituren bat egin duen etorkinen bati laguntzen dion edonori. Yishai ministroak ohartarazi du etenik gabeko borroka hasiko dutela atzerritar guztiak kanporatzeko: «Infiltratu bakar bat ere ez da geratuko». Estatuarentzako mehatxu moduan ikusten ditu Yishaik Afrikako immigranteak: «Israelera etortzen diren musulman gehienek ez dute sinesten herrialde hau gurea denik, gizon zuriona».
Borroka etengabea ez eze, bizkorra ere nahi du gobernuak. Boli Kostako, Etiopiako, Ghanako eta Hego Sudango 25.000 etorkinen deportazioa azkartzeko eskatu die Netanyahuk bere ministroei. Bitan banatu ditu legez kanpoko etorkinak Netanyahuk: alde batetik, Israelekin harreman diplomatiko ona duten herrialdeetako etorkinak daude, eta, bestetik, harreman txarra duten herrialdeetakoak.
Lehen taldekoak dira aipatutako 25.000 etorkinak, eta lehenbailehen kanporatu nahi ditu; gainera, esan dute «beharrezkoa bada» edo jatorrizko herrialdeak migraziorako agiriak ematen ez baditu indarraren bitartez kanporatuko dituztela. Bigarren taldeko etorkinak, berriz, 35.000 inguru, Eritreakoak, Somaliakoak eta Sudangoak dira gehienbat. Horiek ez dituzte euren herrialdeetara bidaliko, «euren bizitza arriskuan egon daitekeelako jatorrizko lekuetara bueltatuz gero». Horientzat ahalik eta azkarren eraikin bat egiteko agindu du Netanyahuk Saharonimen, herrialdearen hegoaldean. Horrela, giltzapean edukiko dituzte milaka lagun.
Kolonoen haserrea
Lehenengo arrakalak sortu dira Netanyahuren gobernuan, kolono batzuen kaleratzea dela eta. Israelgo Auzitegi Gorenaren ebazpenak Zisjordaniako Ramallah hiriko Ulpana auzo okupatuko kolonia desegitera behartzen du Tel Aviv. Netanyahuk eginahalak egin ditu azken urteetan epaia ez betetzeko, baina agindua betetzea erabaki du azkenean, eta sekulako haserrea eragin du eskuineko zazpi alderdik osatzen duten koalizio gobernuan.
Gobernukide muturrekoenek Defentsa ministroaren eta lehen ministrordearen dimisioa eskatu dute lurralde palestinarren «kolonizazioari kalteak eragiteagatik». Eskuin muturreko hainbat diputatuk Zisjordaniako kolonien kaleratzea saihesteko legea aurkeztuko dute legebiltzarrean, eta Avigdor Lieberman Atzerri ministroak —Israel Betenu eskuin muturreko alderdikoak— eta Yishai Barne ministroak—Shas alderdi sefardi ultraerlijiosokoak— lege proposamena babestuko dutela aurreratu dute.
Atzo, hain zuzen, koloniak kanporatzearen kontrako martxa hasi zuten Ulpana eta inguruetako auzoetako ehunka kolonok legebiltzarrera bidean. Bihar amaituko dute protesta ibilaldia, eta koloniak ez botatzeko eskatuko diete alderdi politikoei. Auzitegi Gorenaren arabera, soilik auzo horiek dira legez kanpokoak, baina, nazioarteko legediaren arabera, Zisjordania osoan, palestinarren lurretan eraikitako kolonia judu guztiak dira legez kanpokoak.
Sei Eguneko Gerra hasi zeneko 45. urteurrena da gaur, eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak salatu du orduan hasitako kolonien hedapen sistematikoa oraindik ez dela eten. Jerusalem ekialdea, Gaza, Zisjordania, Golango Gainak eta Sinai okupatu zituzten duela 45 urte juduek. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, kolonien hedapena da, hain zuzen, langile palestinarren lan baldintzak eta aukerak eskasten dituen faktore nagusia.
Afrikako etorkinak jarri ditu jomugan Israelen immigrazio lege berriak
Benjamin Netanyahu Tel Aviveko lehen ministroak 25.000 etorkin lehenbailehen deportatzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu