Afrikan 18.330 dira oraingoz kutsatuak, eta 960 hildakoak, baina pandemia iritsi berria da kontinente hartara, eta kopuruek gora egiten jarraituko dute datozen asteetan. NBE Nazio Batuen Erakundeko Afrikarako Ekonomia Batzordearen azken txostenaren arabera, 300.000 eta 3,3 milioi artean izan daitezke hildakoak, agintariek hartzen dituzten neurrien eta kanpotik heltzen diren laguntzen arabera.
Dokumentuak Saharaz hegoaldeko estatuei buruz ohartarazten du, han hirietan bizi direnen %56 bazter auzoetan bizi baitira, eta herritarren %34k soilik baitituzte eskuak garbitzeko beharrezko baliabideak. Horrez gain, bost urte baino gutxiagoko haurren %40k desnutrizio arazoak dituzte, eta langileen %71k kontraturik gabeko lanak dituzte eta, beraz, berrogeialdi batean irabazirik gabe geratuko lirateke gehienak.
Afrika Erdialdeko Errepublika da egoera okerrenetakoa duen herrialdea. Han 2013an piztu zen gatazkak indarrean jarraitzen du, eta, gaur egun, gobernuz kanpoko erakundeek ematen dituzte osasun zerbitzuen %70. Han, hamabi kasu agertu dira orain arte, eta ez da inor hil. Baina adituak beldur dira zer gertatuko den, batez ere ikusita zer ondorio izan dituen iparraldeko estatu aberatsagoetan. «Arnasa hartzeko hiru aparatu ditugu bost milioi pertsonako. Egoera horretan gaitza zabaltzen bada, hondamendia eragingo du», adierazi du David Mananek, Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluko ordezkariak.
Gaur egun, 2,2 milioi lagunek behar dute osasun arreta, eta 1,6 milioik ez dute elikadura segurtasunik. Horrez gain, 1,3 milioi haurrek desnutrizio arazoak dituzte. Koronabirusa saihesteko hartu beharreko prebentzio neurriak ere ezinezkoak lirateke askorentzat, hamar herritarretatik zazpik ez baitute ur edangarririk.
«Herrialdea ez dago prest halako pandemia bati aurre egiteko. Duela sei urte hasitako gatazkarengatik ez ezik, baita agintariek ez dutelako ere inolako inbertsiorik egin oinarrizko azpiegituretan, hala nola osasunean eta ura etxeetara eramaten», salatu du Ferran Puigek, Oxfamek Afrika Erdialdeko Errepublikan duen zuzendariak.
Ekonomiaren atzeraldia
Ekonomian ere izango du eragina koronabirusak, eta, adituen arabera, egoera hoberenean %1,8 egingo du atzera; okerrenean, berriz, %26,6koa izango litzateke atzeraldia. Horrek muturreko pobrezian utziko lituzke 27 milioi pertsona, hau da, egunean euro bat baino gutxiagorekin eta oinarrizko beharrak betetzeko baliabiderik gabe.
Egoerarik okerrena saiheste aldera, «berehalako laguntza» eskatu du Nazio Batuen Erakundeak Afrikarako. «Pandermiaren ondorio ekonomikoak COVID-19a bera baino kaltegarriagoak izaten ari dira kontinentean. Turismotik bizi ziren hiri askok kolpetik galdu dituzte diru sarrerak, eta gaitzari aurre egiteko beharrezko segurtasun tarteek ezinezko bilakatu dituzte askoren lanak», nabarmendu du Vera Songwek, NBEko Afrikarako Ekonomia Batzordeko arduradunak. Hori dela eta, 100.000 milioi dolarreko diru laguntza eskatu du Afrikako herrialdeentzat. Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak 18.000 milioi dolarreko laguntza eman diete orain arte Afrikako herrialdeei osasun baliabideetarako.