Afrikan, homosexual izatea delitu

Homosexualitatea debekatu eta zigortu egiten da Afrikako herrialde gehienetan, eta maiz hiesaren aurkako tratamendua ere ukatzen zaie. Hegoafrika da salbuespen nagusia.

2008ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Antza, homosexualitatea ez da existitzen Kongon, ezta Ugandan ere. «Homosexualitatea Mendebaldeko gizarte dekadenteetan sortutako praktika arbuiagarria da, eta, beraz, ez afrikarra». Areago, «gay eta lesbianak txerriak baino okerragoak dira». Robert Mugabe Zimbaweko presidenteak homosexualen gainean duen iritzia Afrikako herrialde gehienetan erakundeek bultzatzen duten homofobiaren erakusle da. Hasi homosexualei heriotza zigorra ezartzen dieten herrialdeetatik -Sudan, Mauritania eta Nigeria- eta legeetan espresuki zigortzen ez badute ere jazarpenezko politika indarrean duten herrialdeetaraino. Marokon, esaterako, 21 lagun atxilotu zituzten atzo, «homosexualitatea bultzatzea eta moralaren kontra» egitea egotzita.

Afrikako gizarte tradizionaletan sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaizki ikusiak daude maiz, gay eta lesbianen aurkako arbuioa gobernutik bertatik indartu eta bultzatzen bada ere. Senegalen, besteak beste, bikote homosexual baten ezkontzan parte hartu zuten dozena inguru gizonezko atxilotu zituzten orain gutxi, Icone aldizkarian ezkontzaren argazkiak argitara eman ondoren.

Senegal ez da, ordea, homosexualen aurkako legeak indarrean dituen Afrikako herrialde bakarra. Ugandan, Gambian, Ghanan eta Kenyan «ordena naturalaren aurkako haragizko harremanak» kartzelarekin zigortzen dituzte. Sudanen, Zimbawen eta Namibian «sodomia» leporatzen diote sexu berekoekin harremanak dituzten pertsonei. Maiz homosexualitatea zigortzeko «zuzentasun publikoa» interpretatu eta aplikatzen dute epaileek, eta Kongoko Errepublika Demokratikoan «familia bizitzaren aurkako krimenak» egitea leporatuta kartzelatu izan dituzte gay eta lesbianak.

Horien eskubideak defendatzeko erakundeak gero eta oihartzun handiagoa dute, ordea, kontinente beltzean. Hegoafrikako ereduari jarraiki, kriminalizazioa amaitu eta gainontzekoei bezala eskubideak bermatu behar zaizkiela dioten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Horren adibide da orain gutxi Afrikako Lesbianen Koalizioak Maputon, Mozambikeko hiriburuan, egindako konferentzia. Agintariei homosexualak kriminaltzat har ez ditzaten eskatzeko eta homofobia gainditzeko dei egin zieten.

Gay eta lesbianen kriminalizazioak bestelako ondorio larririk eragiten du. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez, milioika laguni hiesaren aurkako tratamendua edo prebentziorako kanpainetan parte hartzea ukatzen zaie, homosexualak izateagatik.



GIZONEZKOAK BEREZIKI. Sudanen, nahikoa da gizonezko batek beste gizonezko batekin harremanak izatea, heriotza zigorrera kondenatzeko. Emakumezkoen kasuan, aldiz, lehenengoan ez, laugarrengoan beste emakumezko batekin harremanetan harrapatzen badute, orduan, eta ez lehenago, zigortuko dute hiltzera.

Afrikako herrialde askotan, gizonen arteko harremanak debekatu eta zigortzen dituzte. Lesbianak ez dituzte aipatzen zigor kodeetan. Hala ere, batzuen eskubideak besteenak baino gehiago errespetatzen direla ondorioztatzea okerra da. Izan ere, Kenyan, besteak beste, ezkontzera behartzen dituzte emakumeak, eta sexu gehiegikerien edo bortxaketa «zuzentzaileen» biktima izaten dira.

Hegoafrika da salbuespena. Gay eta lesbianen eskubideei aitortzen dien bermeari dagokionez, munduko aurreratuenen artean dago herrialde horretako Konstituzioa. 2006tik, gainera, sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatu ditu. Alabaina, jarraitu beharreko eredu izatetik urruti dago oraindik Hegoafrika, bertan egindako ekimenek kontinentean barna erreakzio homofoboak eragin baitituzte. Nigeria, Uganda, Burundi eta Kongo herrialdeetan halako ezkontzak legez debekatzea erabaki zuten, erantzun gisa.

Alabaina, homosexualen aldeko Hegoafrikako erakundeek oraindik asko dagoela egiteko uste dute. Iazko uztailean hil zituzten bi lesbianen kasua oraindik gogoan dute horiek. Sizakele Sigasa eta Salome Masooa bortxatu, moztu eta tiroka hil zituzten bertan.

 

ZenBaKIa

31



Homosexualitatearen aurka. Afrikako 31 herrialdetan homosexualitatea legez debekatu eta zigortzen dute, hasi kartzela zigorrak ezartzen dituzten zigor kodeetatik eta heriotza zigorra ezartzen dutenetaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.