Aurrekaririk gabeko eskaera bat egin du Afrin barrutiak, Siriako armadari laguntza eskatuta. "Espero dugu Siriako Estatuak bere erantzukizuna betetzea, eta Afrin eta mugak defendatzea Turkiaren aurka. Siriari oroitarazten diogu bere erantzukizuna dela, eta ez duela bete, nahiz eta adierazpen ofizial batean erran eginen zuela [...]. Siriako administrazioak bere indar armatuak egoki hedatu beharko lituzke eskualdean, eta Afrin babesteko erantzukizuna bete", adierazi zuen atzo argitaratutako ohar batean.
Faisal Mikdad Siriako Atzerri ministrordeak atzo elkarrizketa bat eman zion Erresuma Batuko BBC kateari, eta adierazi zuen Turkiaren inbasioari "erantzun" eginen diotela, eta "merezi duen bezala" jokatuko dutela. Kazetariak galdetu zion Errusiak baimena eman ote dion Turkiari erasoaldia egiteko, baina Mikdadek erantzun zion ez dutela uste Moskuk "Siriako herriari bizkar emanda" jokatu duenik. "Turkiak Siriaren burujabetzari egin dion eraso bat izan da". Inbasioa hasi zenean, Damaskok hegazkinak botatzeko mehatxua ere egin zion Ankarari.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, ordea, bertze behin erran du inbasioa ez dutela Afrinera mugatuko. AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren probintzietako arduradunekin egindako bilkura batean adierazi du Eufrates ibaiaren mendebaldeko hegian dagoen Manbij hirira joko dutela, eta, hortik, "ekialde osora Irakeko mugaraino".
Bihar eginen du astebete Afrinen aurkako erasoaldiak. Biktima kopuru zehatzik ez dago, baina hildako zibilak dozenaka izan litezke, administrazio autonomoko gobernuak, SDF Siriako Indar Demokratikoak miliziak, eta gobernuz kanpoko erakundeek emandako datuen arabera. Firat agentziaren arabera, Turkiako hegazkinek hainbat bonbardaketa egin dituzte bart arratsean.
Erasoaldi betean, Vienan NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatutako elkarrizketetan parte hartzen ari dira Siriako Gobernua eta oposizioko ordezkaritza bat —kurduen ordezkaririk ez dute gonbidatu—.