Kartzela ez bada, bahiketa, urteetan desagertuta egoteraino, inork ez dakien zulo ezkutu batean. Tortura ez bada, mehatxuak, irainak, miaketak, kontrolak. Bortxaketa ez bada, umiliazioa, senarraren begien aurrean soldaduen ekintza lizunak jasateraino, erabat biluzik. Jazarpenaren adierazle guztiak ezagutu dituzte, eta, hala ere, berezko duten izaera baketsuari eutsi diote beste behin protesta egiteko; bazterketa salatzeko, etxerik eta lanik ez dutela esateko, miserian bizi direla azaltzeko, euren eskubideak urratuta daudela helarazteko, adierazpen askatasuna barne, natur baliabideak kolonoen eskuetan daudela adierazteko, jaioterrian preso daudela aldarrikatzeko, sarraskiak ez duela etenik oihukatzeko, eta bonbardaketetatik ihes egin ezin izan zutenen egoera errefuxiatu behar izan zutenena baino samurragoa ez dela jakinarazteko. Eta egoera lazgarri horren aurrean, isiltasuna. Nazioartearen ahanztura. Estatuen hipokrisia.
Elgarhi Naiem Foidal gazte sahararra gaur astebete hil zuen Marokok. Agdaim Izik kanpalekura sartzear zenean tirokatu zuten poliziek, eta familiak ezin izan du hura ikusi, hilotza sekretuan lurperatu baitute, gauez, amari semea azkenekoz besarkatzeko aukera eman gabe, arrebak salatu duenez.Bent Lahmidik salaketa jarri du, baina gertatutakoak aurrera egiteko adorea eman diola jakinarazi du, eta lehen berea zen semea orain saharar herri osoarena dela. Okupazioaren beste martiri bat da gaztea. Marokok zibilen kontra tiro eginez su-etena hautsi baitu. Eta su-etena ikuskatzeko erantzukizuna duen nazioarteko misioak ez du ezer egin. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak ez du adierazpen bakar bat egin, ez hiru astez kanpalekuan dauden sahararren egoeraz, ez eta hil duten 14 urteko gaztearen hilketaz. Eta egun hartan beste gazte saharar bat ere hil zuten zurrumurrua zabaldu da, eta zauritutako beste bost lagunetatik hiru desagertuta daude; orotara 41 zauritu dituzte egunotan.
Eskubide politikoen aldeko ekintza bat ez dela zehaztu badute ere, kanpalekua independentzia borrokaren une erabakigarrian eraiki dute sahararrek. Autodeterminazioa aldarrikatu izan balute, erreferenduma behingoz egitea galdegin izan balute, jazarpena are bortitzagoa litzateke, eta, horregatik, bazterketa ekonomikoa eta soziala besterik ez dute salatu, hiru koloreko ikurrik gabe, lelorik gabe, polisarioaren ordezkaririk gabe. New Yorken, basamortutik milaka eta milaka kilometrotara, asteartean abiatzekoak diren negoziazioak, baina, ikusmiran dituzte. Christopher Ross NBEk Mendebaldeko Sahararako izendatutako ordezkariak egungo statu quo-ari ezin zaiola eutsi esan berri du, eta autodeterminazioa beste irtenbiderik ez dagoela, itxaropenerako zirrikituak zabalduz. Marokok bakeari beste behin ezarriko dion boikot sistematikoaren inguruan zer jarrera hartuko duen ikusteko dago orain, bere aurrekoek egin duten moduan, berak ere uzkurkeriaren aurrean amore emango ote duen.
Agdaim Iziken dauden 20.000 sahararrek, bien bitartean, setiatuta jarraituko dute, militarrez eta poliziaz inguratuta, hareazko harresi baten barruan, ura eta elikagaiak eskuratzeko zailtasunekin; baina, hala ere, euren eskubideak eskuratu arte protestari eutsiko diotela jakinarazi dute, basamortuan hil behar badute ere, duintasuna eta adorea ezaugarri dituen herri baten enegarren ekintza baita Agdaim Izik.
Agdaim Izik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu