Agdaim Iziken Marokoko soldaduek zauritutako saharar bat hil da

Kanpalekuan autoan zihoala tirokatu, eta istripu larria izan zuen; ospitalean ez dutela zaindu salatu dute

Erredakzioa
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean hil zen Khadijetu Bhala sahararra (Aaiun, 1960), Aaiungo ospitalean, eta atzo egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna. Mendebaldeko Saharako Agdaim Izik kanpalekuan auto batean zihoala, Marokoko Poliziak tiro egin zion, eta zauritu egin zuen. Ondorioz, istripu larri bat izan zuen, eta izan zituen zaurien eraginez hil da.

Iazko urriaren 24an eraman zuten Marrakexko Benu Tufel ospitalera, larri, eta, familiak salatu duenaren arabera, ez zuen tratamendurik jaso. Azaroaren 9an senideek erabaki zuten Rabateko Marifi ospitale militarrera eramatea, eta jakinarazi dute han ere ez zutela behar bezala zaindu. Abenduan, berriz, medikuek senda-agiria eman zioten, nahiz eta zauriak ez zituen sendaturik, eta jaioterrira itzuli zen. Poliziak egin zizkion zauriez gain, diabetesa zeukan, anemia, eta giltzurrunetan arazoak, eta zauriak ixtea beste edonori baino gehiago kosta izan zaio.

Egoeraren salaketa

Mendebaldeko Sahara Fundazioak Khadijetu Bhalarekin gertatutakoa salatu du. Agdaim Iziken hil, zauritu eta atxilotu zituztenak ere gogora ekarri ditu erakundeak. Marokok «eskubideak etengabe urratzen» dituela salatzera deitu du nazioartea, «interesen gainetik justiziaren alde jartzea». Sahararrek Agdaim Iziken Marokoren soldaduen esku jasan zuten eraso bortitza kritikatu du fundazioak, eta Marokoko Gobernua egin du gertatutakoaren erantzule.

Sahararren eskubideen alde egiteko zutitu zuten kanpalekua iragan urriaren 10ean. Marokoko soldaduek inguratu, eta hango bizilagunentzat jatekoa nahiz edatekoa zeramaten ibilgailuei ere ez zieten hara sartzen utzi. Egoera larria zela, are gehiago okertu zen. Soldaduek kanpalekura elikagaiak sartu behar zituztenei gelditzeko eskatu zietenean tiro egin zieten, jaramon egin ez zietela argudiatuta. Bhalaren autoari ere egin zioten tiro, beste behin nazioarteko legediak herriak babesteko dituen itunen kontra eginez. Gutxienez bi saharar hil zituzten kanpalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.