Agenda zaila du Obamak aurten

Aurrerantzean errepublikanoek gehiengo zabala izango dute Ordezkarien Ganberan, eta Senatuak demokraten esku jarraituko duKontserbadoreek gobernuaren erreformak oztopatu nahi dituzte, osasunarena bereziki

Jon Fernandez.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu zaizkio Hawaiiko oporrak Barack Obamari. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea atzo bueltatu zen Washingtonera, hamar eguneko atsedenaren ostean. 2011ko lehen lanegunean esku artean hartuko duen agenda orain artean eduki duen zailena da. Joan den urteko azaroaren 2ko hauteskundeetako emaitzak gaur hezurmamituko dira. Eta, beraz, Ordezkarien Ganberan 49 eserlekuren aldea kenduko diote aurrerantzean errepublikanoek demokratei; Senatuan, aldiz, gehiengoari eutsiko dio Obamak, baina alde txikirekin: lau eserleku gehiago izango dituzte demokratek. Bi ganberetatik bat errepublikanoen esku egonda, oso nekeza egingo zaio AEBetako presidenteari 2011rako aurreikusia zituen egitasmo guztiak gauzatzea.

Alderdi Errepublikanoaren lelo nagusia osasun erreforma bertan behera uztea izan zen azaroko hauteskunde kanpainan. Gaurtik aurrera, ahal duen guztia egingo du Obamaren egitasmo nagusiei galga jartzeko. Osasun erreformari, bereziki. Iazko martxoan errepublikanoen babesik barik onartu zuten erreformak aseguru medikua eskainiko die 30 milioi herritarri 2014tik aurrera. Kontserbadoreen ustez, ordea, «AEBetako aurrekontuen defizita areagotzea, enpresentzat oztopo bilakatzea eta Gobernuaren gehiegizko esku hartzea baino ez dakar osasun erreforma honek». Horrez gain, gogoratu beharra dago Virginiako epaile batek konstituzioaren kontrakotzat jo zuela erreformaren zati bat, eta, ondorioz, prozesu judizial luze batean sartu dela erreforma.

Denborarik galdu gabe, errepublikanoek jarri dute jada Obamaren erreforma nagusia suntsitzeko eguna. Urtarrilaren 12an osasun erreformaren baliogabetzea bozkatuko dute Ordezkarien Ganberan. Badute gehiengoa baliogabetzea aurrera eramateko, baina presidentziaren betoa ekarriko luke horrek, eta ganberaren bi heren beharko lituzke Alderdi Errepublikanoak betoari aurre egiteko. Gainera, erreformaren aldaketak Senatura jo beharko luke, eta demokratek gehiengoa dute han. Kontserbadoreen borroka, hortaz, sinbolikoa baino ez da izango. Horren jakitun dira, baina Obama politikoki ahultzea dute helburu.

Negoziatu eta zatitu

Etxe Zuria jakitun da gai batzuetan ezinezkoa izango duela adostasuna lortzea. Aitzitik, urte politiko berri honetan «zubi lana» egiteko asmoa duela adierazi du Obamak. Errepublikano batzuekin negoziatzeak fruitu onak eman zizkion abenduan. Alderdi Errepublikanoko diputatu batzuen babesari esker Start ituna onartzea lortu zuen, adibidez. Urte berriari begira ere, horixe izan daiteke Obamak errepublikanoen gehiengoa ahultzeko erabil dezakeen jarrera: negoziatzea eta zatitzea.

Gai batzuetan adostasuna lortzea espero du Etxe Zuriak. Hezkuntzan, esaterako, No Child Left Behind (Umerik ez atzean laga) legea berritzeko aukera izango dutelakoan daude. Alabaina, immigrazioaren esparruan ezinezkoa izango da elkar ulertzea. Dream Act izeneko ekimena gauzatzea hitzeman zuen Obamak 2011rako, baina errepublikanoek ez diote bidea erraztuko. Ekimen horren arabera, unibertsitateko ikasketak egin edo armadan sartzen diren paperik gabeko immigrante gazteak legeztatu egingo lituzkete.

Errepublikanoek argi esan dute azken bi urteotan Obamak onarturiko erreformak gerarazteko erabiliko dutela gehiengoa. Gas isurketak murrizteko legea blokeatzeko duten asmoa aurreratu dute dagoeneko. 2009ko ekainean onartu zuten legea, 2020rako AEBetako CO2isurketak %17 gutxitzeko asmoarekin. Bestalde, finantza sektorearen erreforma ere gerarazi nahi dute kontserbadoreek. Gobernuko bi agentziari kontrol eskumen handia eman zion Obamak, baina horretarako aurrekontua bikoiztu beharra dute. Errepublikanoek Ordezkarien Ganberako gehiengoa erabiliko dute aurrekonturik ez igotzeko, eta, horrela, Obamak Wall Street ez kontrolatzeko.

Halaber, aurrekontuen defizita murrizteko neurriak, Guantanamoren itxiera edota Afganistango gerraren amaiera izango dira errepublikanoen eta demokraten arteko gerra politikoa ekarriko duten beste gai nagusiak.

Tea Partyren indarra

Urteari ekitearekin batera, gobernua berritzeari ere ekingo AEBetako presidenteak. Aste honetan bertan edota datorren astean hasiko dira kargu eta izen aldaketak. Ekonomiako Aholkulari Batzordeko presidente berria, gobernu taldeko buru berria eta Obamaren politika aholkulari berria izendatu behar ditu, besteak beste. Atzo, Ron Klain Joe Biden presidenteordearen taldeko buruak otsailean Etxe Zuria utziko duela aurreratu zuen.

Gobernuaren eraketa berria antolatzearekin batera, Batasunaren Egoerari buruzko hitzaldia prestatzen ari da Obama. Otsail erdialdean kongresuko bi ganberetan emango dituen hitzaldietan 2011rako dituen lege lehentasunak aurkeztu eta aurtengo aurrekontu federala proposatuko du.

Aurtengoan maldan gora ibili beharko du Obamak, baina errepublikanoek ere nahiko lan izango dute alderdia baturik mantentzen. Izan ere, kontserbadoreen artean Tea Partyak izan duen gorakadak ezegonkortu egin lezake Alderdi Errepublikanoa. Kontserbadoreen Kongresuko gehiengoa ez da homogeneoa: Ordezkarien Ganberako 242 errepublikanoetatik 120 Tea Partyari lotuta daude. Eta hausturak saihesteko asmoz, hainbat puntutan egin diote men eskuin muturreko kideei. AEBetako Kongresuaren historiako 221 urtetan lehen aldiz, legedia zabaltzeko 1.787ko Konstituzioa irakurriko dute ahots goran. Horrez gain, Ganberako lege batzuk aldatzea ere eskatu dute Tea Partykoek.

Gehiengo berria Wikileaksen filtrazioaren jatorria aztertzeko ere erabiliko dutela esan dute errepublikanoek. Egunotan abiatuko dute azterketa, baina dagoeneko Obamaren gobernua jo dute erantzule nagusitzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.