Bi aldeek ezaugarri komun bat bakarrik dute oraingoz: elkarrizketak hasteko borondatea. Hori, eta negoziazioak luzeak izango diren ustea. «Hastea aurrera egitea da», esan zuen Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Baina hori baino zerbait gehiago nahi du Kataluniako ordezkaritzak. Autodeterminazio eskubidea eta amnistia dira Generalitateak proposatuko dituen gaietako bi. Moncloa, baina, ez dago prest halakorik onartzeko, nahiz eta sedizio delituaren kasuan zigorrak berrikusteko prest egon.
Era batera edo bestera, elkarrizketak «luzeak eta konplexuak» izango direla aitortu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. «Hitz egiteko borondateaz» joango dela nabarmendu du hark Espainiako Kongresuko osoko bilkuran, baina eskatu die alderdi independentistei «onar» dezatela Kataluniako gizartearen zati batek ez duela haiekin bat egiten: «Irainak eta amorrua alde batera utzi eta bide bat hasi nahi dute elkarrekin, eta horretara goaz».
ERC Esquerra Republicana de Catalunyako idazkari eledun Marta Vilaltaren iritziz, negoziazioek aurrera egitea da uneotan garrantzitsuena, eta ukatu du «atzera egitea» esan nahi duela. «Bakoitzak bere tokia hartzeko balioko du gaurkoak, eta datozen bilerak nola antolatuko ditugun zehazteko». Hark ere onartu du gaurko bilerak ez duela gatazka konponduko, baina nabarmendu du balioko duela Espainiako Gobernuak Generalitatearen eskaerak entzun ditzan.
Mesfidati agertu da, berriz, Artur Mas Generalitateko presidente ohia, eta ohartarazi du PSOEk eta Podemosek osatzen duten koalizioaren eta Espainiako Estatuaren jarrera ez direla gauza bera: «Bigarrenak badaki gogor jotzen». Dena den, negoziazioetarako «garai egokia» izan daitekeela ere baietsi du buruzagi ohiak, eta zehaztu uneotan Sanchezek ERCren babesa beharrezkoa duela aurrera egiteko, eta hori «baliatu» egin beharko luketela subiranistek.
Erronka nagusiak
Lehen aurrez aurrekoak egoeraren «diagnosia» egiteko balioko duela iragarri du Madrilgo ordezkaritzak. Baina Generalitateak zerbait gehiago nahi du, eta datozen bileretarako egutegia eta negoziazioen nondik norakoak zehaztearen alde egin du. Azken puntu horren barruan legoke Torrak eskatutako bitartekariaren auzia.
Egutegia Kataluniako hauteskundeek baldintzatuko dute neurri handi batean, eta baita Espainiako aurrekontuen inguruko negoziazioek ere. Gaur hasi dira horiek tramitatzen Kongresuan, baina, aurrera egin dezaten, Sanchezek ERCren babesa beharko du. Azken horrek, berriz, Madrilen nolabaiteko konpromisoa nahi du sostengua eman aurretik.
Dena den, autodeterminazio eskubidea eta amnistia legea dira elkarrizketa mahaiak gainditu beharko dituen oztopo nagusiak. Independentziari buruzko erreferendum bat egiteko adostasuna lortu nahi dute alderdi subiranistek. Baina, Moncloak, nahiz eta prest dagoen negoziazio mahaitik ateratzen den akordioa erreferendumera eramateko, ez du onartzen autodeterminazio eskubiderik.
Gauza bera gertatzen da amnistia legearekin ere. Auzia ez dago sozialisten agendan, nahiz eta, jarrerak hurbiltzeko ahaleginean, prest agertu diren sedizio delituarekin lotutako zigorrak murrizteko. PSOEk eta Podemosek Zigor Kodea aldatzea proposatu dute Kongresuan, espetxealdien murrizketak sedizioagatik preso dauden politikari katalanei ere ezarri ahal izateko.
Iglesias, gaixo
Negoziazio mahaian egotekoa zen Pablo Iglesias Espainiako presidenteordea ere, baina azken orduan jakinarazi du ez dela joango, gaixo dagoela eta. Han izango dira Sanchez bera eta Carmen Calvo presidenteordea, Madrilgo ordezkaritzaren barruan; Torra presidentea, Pere Aragones presidenteordea eta Alfred Bosch Generalitateko Instituzioen arteko harremanetarako kontseilaria ere han izango dira.