Bizi-bizi ekin dio François Hollandek agintaldiari. Kargua hartu zuen egun berean, hilaren 15ean, Alemaniara joan zen, Angela Merkel kantzilerrarekin elkartzeko, tximista batek hegazkina buelta hartzera behartu zuen arren hasiera batean. Handik hiru egunera G8koaren bilkuran izan zen, Camp Daviden (AEB), eta handik zuzenean joan zen Chicagora, NATOren goi bilerara. Karguan hamabi egun bertzerik ez duenean, berriz, Afganistanen azaldu da ustekabean, hauteskunde kanpainan eta NATOren bilkuran errana berresteko: tropak urte amaieran etxeratuko dituela. «Erabaki subirano bat da. Soilik Frantziak erabaki dezake Frantziak zer egiten duen».
Adierazpen horiek bisitaren lehen zatian egin ditu Hollandek, ekialdean, Kapisa probintziako Nijrab base militarrean. Han daude Frantziak Afganistanera bidalitako 3.500 soldaduetatik gehienak. Bertan, presidenteak azaldu die «Frantziak Afganistanekin hartutako konpromisoa trantsizio fase batean» hasiko dela. «Trantsizio» fase horretan, «luzera begirako elkarlan zibila» garatuko dute bi herrialdeek, Hollanderen arabera. Frantziako BFM telebistak azaldu duenez, urte amaierarako etxeratuko dituzte «borrokarako indarrak», hau da, 3.000 soldadu inguru. Etxeratzeaz eta logistikaz arduratuko diren taldeak, berriz, 2013an erretiratuko dira, eta, azkenik, Afganistanen geldituko dira hango estatuko indarrak entrenatuko dituzten unitateko kideak. Hori dela eta, geroago Kabul hiriburura egin duen bisitan, Hollandek nabarmendu du etxeratuko direnak «borrokarako indarrak» izanen direla, eta, hortaz, Frantziak «beti» izanen duela presentzia militarra Afganistanen. Nicolas Sarkozy aitzineko presidenteak etxeratzea hurrengo urtean egiteko asmoa zuen.
AEBekin «ados jarrita»
Hollandek bidaiari eman dion garrantziaren adibide da berekin eraman dituela Laurent Fabius Atzerri ministroa eta Jean-Yves Le Drian Defentsakoa. Presidenteak France Info irrati kateari azaldu dio bidaiaren helburua: «Tropei azaltzea beren egitekoa laster bukatuko dela eta erratea harro etxeratuko garela afganiarren esku utzi ondoren haien lurraldearen kudeaketa eta subiranotzaren defentsa».
Kabulen Hamid Karzai Afganistango presidentearekin eman duen prentsaurrekoan, berriz, etxeratzearen ondoren Frantziak zein interes izanen dituen ere azaldu du Hollandek: «Gure enpresak honat ekartzea ere bada gure xedea; baldintza seguruetan, noski». Ziurtatu du «trantsizio» aldian ez dela «ekintza militar gehiago» egonen eta «elkarlana are gehiago garatuko» dela hezkuntzaren, kulturaren, arkeologiaren, osasunaren eta prestakuntzaren arloetan.
Barack Obama AEBetako presidenteaz ere mintzatu da Hollande. Izan ere, Obamak ez du nahi Frantziako armada aurten etxeratzea. NATOren Chicagoko bilkuran bi estatuburuak elkarrekin mintzatu ziren auziaz, baina Hollande ez da iritziz aldatu. Dena den, bien arteko harremana ez dela gaiztotu eman nahi izan du aditzera Frantziako presidenteak: «Etxeratzea Afganistango agintariekin harreman estua dugula eginen dugu, eta gure aliatuekin ados jarrita, bereziki Obamarekin». NATOko azken indarrak 2014an dira etxeratzekoak.
Agindutakoa berrestera
Afganistanera egindako bisitan, tropak aurten etxeratuko dituela erran du berriz ere Hollande Frantziako presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu