Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziatzaileak aitortu du Al Jazeera hedabide arabiarrak argitaratutako filtrazioak bere alderdiko negoziazio sailetik lapurtu zituztela. Irrati palestinar batean egindako adierazpenetan, ordea, esan du agiriak «testuingurutik kanpo» eman zituela Al Jazeerak, eta telebista katea salatzeko asmoa adierazi du.
Al Jazeerak herenegun eman zuen aditzera Palestina eta Israelen arteko bake akordioari buruzko elkarrizketei buruzko 1.700 dokumentu sekretu lortu zituela. Agiri horien arabera, Jerusalem ekialdean okupatutako zenbait lurri uko egiteko eta errefuxiatu palestinarren itzulerari buruz jarrera malguagoz negoziatzeko prestasuna adierazi zuen PANek.
«Konplot» horren atzean daudenak agerian uzteko lanean hasi da aginte palestinarra. Haren ustez, Hamas erresistentzia islamikorako mugimenduaren aldeko jarrera du Al Jazeerak, eta horregatik egiten du PANen aurka. Hamasek alderdi hori traidoretzat du, bake akordioa Israelekin negoziatzeagatik.
Mahmud Abbas PANeko presidenteak, berriz, gezurtatu egin ditu bere alderdiari buruz argitaratutakoak; milaka jarraitzailek egin diote ongietorria Zisjordaniara itzuli denean. Haiei mintzatu zaie, esanez PANen eskakizunak ez direla aldatu; «lehena, Jerusalem ekialdea estatu palestinarraren hiriburu dela».
Palestinaren aldeko deia
Israel eta Palestinako ehun GKEk palestinar estatuaren aldeko adierazpena egin zuten atzo, eta Israelgo Gobernuari dei egin zioten estatu hori aitortzeko, 1967ko mugak erreferentziatzat hartuta.
Iazko maiatzean Askatasunaren Flotillari egindako erasoa ikertzen aritu den batzorde turkiarrak ere hitz egin du. Israelgo eta AEBetako gobernuek esan dutenaren aurka, indar armatu israeldarren erasoa «aurrez pentsatua» zela salatu du. Israelek argitaratutako txostena ere kritikatu du: «Israelgo armada zuritzeko helburua baino ez du».
Agiriak bere bulegotik lapurtu izana egotzi dio PANek Al Jazeerari
Askatasunaren Flotilla ikertzen aritu den batzorde turkiarrak erabaki du erasoa «aurrez pentsatua» zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu