Silvio Berlusconiren gobernuak boterean jarraituko du, Legebiltzarreko zentsura mozioa ozta-ozta gaindituta. Hiru botoko tarteari esker lortu du garaipena. Berlusconik aldeko 314 boto jaso zituen atzo, 311 kontra eta bi abstentzio. Senatuko mozioan, aurreikusten zen bezala, babes handiagoa jaso zuen lehen ministroak: 162 boto alde, 135 kontra eta 11 abstentzio. Beste behin, lehen ministroak erakutsi du egoerarik zailenetan ere botereari eusteko gai dela.
Legebiltzarreko bozketak luze jo zuen, bi txandatan diputatu guztiek banaka eman behar izan baitzuten botoa. Azken unera arte tentsioa eta zalantza izan ziren nagusi. Emaitzaren estutasunaren beldur, haurdun dauden hiru diputatuk ere hartu zuten parte bozketan; aulki gurpildunean eta anbulantzian iritsi zen bat Legebiltzarrera.
Alderdi, asmo eta boto dantzak inoiz baino nabariago bistaratu ziren atzoko saioan. Gehiengoaren balantza gobernuaren alde bulkatzeko beharrezkoak ziren boto apurrak bide ezberdinetatik iritsi zitzaizkion Berlusconiri. Aurreikusi bezala, abenduaren hasieran PD Alderdi Demokratikotik eta IDV Balioen Italiatik ihes egin eta Erantzukizun Nazionaleko Mugimendua talde parlamentarioa sortu zuten hiru diputatuek babesa eman zioten gobernuari. Hala ere, tentsioa mantendu zuten azken unera arte. «Boto mingarria baina iraultzailea» emango zutela aipatu zuten hasieran, lehen txandan ez zuten botorik eman, eta bigarrenean, azkenik, Berlusconiren alde bozkatu zuten. Gobernuko alderdikideek txalo artean hartu zituzten, eta oposizioak «salduak» oihukatu zieten.
Baina, batez ere, Gianfranco Finiren FLI Etorkizuna eta Askatasuna Italiarentzat alderdiko diputatuek izan zuten protagonismoa Legebiltzarrean. Finik agindutakoaren kontra, Katia Polidori eta Maria Grazia Squilini diputatuek gobernuaren alde bozkatu zuten. Bestalde, UDC Zentroko Batasuneko Salvatore Gaglianoren eta Silvano Moffa Finiren alderdikidearen abstentzioek ere erraztu zuten lehen ministroaren garaipena.
Gobernuaren kontrako zentsura mozioa babestu duten oposizioko alderdiek «botoak erosi izana» leporatu diote Berlusconiri. «Gauza publikoaren usteltzailea dela baieztatuta geratu da», Massimo D'Alema PD Alderdi Demokratikoko diputatuak dioenez. IDV Baloreen Italia alderdiak ere salatu du Berlusconiren balizko ustelkeria eta Erromako Fiskaltza egunotako balizko botoen erosketa ikertzen ari da.
Istiluak Italia osoan
«Ganbera honetatik kanpo egunetik egunera gehiago dira maila sozial guztietan protesta egiten duten herritarrak. Jada ezin dituzu gehiago engainatu», aurpegiratu zion Antonio Di Pietro IDVko buruak Berlusconiri atzo Legebiltzarrean. Hark ez zion entzun, une horretan Legebiltzaarretik atera baitzen kritikarik ez aditzeko asmoz.
Di Pietro ez zebilen oker. Goizean goizetik bildu zen jendetzaErromako kaleetan. Unibertsitateko ikasleak, Aquilako lurrikarak eragindako herritarrak, Napoliko zaborraren auziak kaltetutako herritarrak, langabeak, etorkinak... ehunka pertsonak egin zuten gobernuaren kontrako protesta manifestazioa Senatuan eta Legebiltzarrean mozioak bozkatzen ari ziren bitartean.
Gobernuak mozioak gainditu zituela jakitean piztu ziren liskarrak manifestarien eta poliziaren artean. Azken urteetan Italian izandako kale istilurik handiena izan zen atzokoa. Guztira, 100 lagunetik gora zauritu ziren eta 41 manifestari atxilotu zituzten. Zaurituen artean, 50 manifestariak dira eta 57 poliziak.
Manifestariek Graziolo jauregiaren (lehen ministroaren egoitza), Madama jauregiaren (Senatua) eta Montecitorio jauregiaren (Legebiltzarra) kontran egin zuten. Poliziak hiru jauregiak inguratu zituen, diputatuei barruan geratzeko aholkatuz. Erromako erdialdean trafikoa itxi zuten, baina manifestariek aurre egin zioten Poliziari hainbat autori su emanez. Poliziak malko gasak jaurtiz erantzun zuen. Poliziaren arabera, «joera anarkistako Black Block talde oldarkorrak sartu dira tartean». Arratsaldera arte kea nagusitu zen Erromako erdialdean.
Italiako beste hiri batzuetan ere izan ziren istiluak. Palermon, esaterako, ehunka gaztek aireportuko pistak hartu zituzten, pare bat orduz hegazkinen joan etorria etenaz. Milanen, Burtsaren egoitza erasotu zuten.
Zalantzazko etorkizuna
Gobernuaren agonia luzatzea baino ez du lortu Berlusconik, oposizioaren ustez. «Legebiltzarraren historiako pasarte lotsagarria izan da», salatu du Massimo D'Alema PDko diputatuak. «Erositako hiru-lau botorekin irabazi du gobernuak. Boto horiek ezin dira izan herrialde bat gobernatzeko oinarria».
Fini Legebiltzarreko presidenteak ere ez dio etorkizun handirik ikusten gobernuari: «Aste gutxi barru frogatuko da zenbakizko garaipena baino ez dela izan». Haren kontra egin zuten atzo gobernuko bi alderdiek. Zentsura mozioak aurrera egin ezean dimisioa emango zuela esana zuen Finik, eta saioa amaitzean «dimisioa, dimisioa» eta «coglionazzo» (tentela) oihukatu zioten PDL eta LNko diputatuek. «Zenbakitan izan da garaipena, ez politikan», erantzun zien Finik.
Roberto Maroni LNko Barne ministroak ere zalantza agertu du gobernuaren geroaz: «Gainditu dugu indar proba, baina gehiengo handiagoa behar dugu».
Etorkizunaz zein iraganaz gehiegi kezkatzen ez den bakarra Berlusconi bera dela dirudi. «Banekien irabaziko genuela. Orain lasai nago, beti egon naizen moduan». Gobernua gutxiengoan izan arren, botereari helduta jarraitzeko indarrez ikusten du Belusconik oraindik bere burua, eta baztertu du hauteskunde aurreratuak iragartzeko aukera. Bitartean, beldurrez ikusten du Italiako hainbat sektorek Berlusconiren gainbeheraren hasiera. Umberto Eco idazle eta intelektualak asteon azaldu du zer den lehen ministroa: «Zonbi bat da, bizirik dagoen hildako oso arriskutsu bat».
Agonia luzatu dute
Silvio Berlusconik hiru botoko aldearekin egin dio aurre zentsura mozioari, eta oposizioak «boto erosketa» salatu duErromako erdialdean istilu handiak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu