Agortze data jarri diote itsasoari: 2050a

Ikerlan baten arabera, arrain espezieen galera geratu ezean, mende erdialderako arrantza ahitu egingo da

arantxa iraola
2006ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
2050ean. Edo lehenago. Hortxe jarri du ikertzaile talde batek muga. Arrain espezieen galerak etenik ez badu, urte horretarako mundu zabalean arrantzarako espezieak guztiz desagertuta edo desagertzeko zori-zorian egongo direla aurreikusi dute. «Harrigarria da aztertu ditugun joerak zein argiak eta irmoak diren; gure susmoak gainditu dituzte».Dalhousie Unibertsitateko (Kanada) irakasle Boris Worm-ek lanean hasi aurretik susmo ilunak zituztela azaldu du, baina ikerketako ondorioak oraindik ere beltzagoak izan direla. Mundu zabaleko hainbat ikertzailek egindako ikerlana zuzendu du. Aste honetako Science aldizkarian egin dute publiko.

Lau urte eman dituzte ikerketa egiten. 1950. urtea bitarteko datuak hartu eta erkatu dituzte, mundu osokoak. Ondorio zabalagoen bila, kostako hamabi gunetan, artxiboak, arrantzari buruzko datuak, aztarna geologikoak eta margoak aztertuz, mila urte atzera egiten ere saiatu dira. Aski ondorio kezkagarriak plazaratu dituzte. «Une honetan arrantzarako espezieen %29 desagertuta edo desagertzeko zorian daude. Harrapaketak %90 edo gehiago jaitsi direla esan nahi du horrek. Oso joera argia da hori. Eta gero eta bizkorrago gertatzen ari da», eman du aditzera Wormek.

Arrain kontsumoa gora ari da, arrantzarako gero eta baliabide eraginkorragoak daude, eta munduko ekosistema asko nabarmen eskasten ari dira. Arrain espezieen galera eragiten duten motiboak dira horiek guztiak. Alde asko dituen arazoa da, aski konplexua. Aste honetan publiko egin duten ikerketan, bereziki, bioaniztasunaren galerak duen eragina aztertzen ahalegindu dira.

BIOANIZATASUNAREN ALDE. Bioanizatasun oparoa duten ekosistemak babestea ezinbestekoa dela gogorarazi dute, hortxe dagoela, hain justu, auziaren gakoa. «Ozeanoetako espezieak kudeatzeko orduan gure jarrera aldatzen ez badugu, bizirik dauden ekosistemak bezala tratatzen ez baditugu, gizaldi hau izango da ozeanoan arrantzatzeko espezieak izango dituen azkena», eman du aditzera ikerketetako egileetako batek,Steve Palumbik.

Arrantza falta ez litzateke izango, gainera, arazo bakarra. Hilzorian dauden itsas eremuak irudikatu dituzte ikertzaileek egin dituzten aurreikuspenetan, guztiz suntsitutako parajeak. Arrainak ez liratekeizango espezie kaltetu bakarra, gizakiarentzat ere hondamendia litzateke, bereziki itsasertzetako eremuetan. Diotenez, munduko zenbait lekutan zer gertatzen ari den ikustea besterik ez dago zer gerta daitekeen jakiteko.

«Izan ere, dena ez dira aurreikuspenak. Zenbait gauza gertatzen ari dira, oraintxe bertan», eman du aditzera Nicola Beuamont ikertzaileak. «Eta bioaniztasunak eskasten jarraitzen badu, itsasoko ingurumena ez da izango gure oraingo bizitzeko moduari eusteko gai, eta, jakina, ezta gure bizitzei eusteko ere».

Itsasoak berez erregeneratzeko gaitasuna duela gogorarazi dute, baina bioaniztasun aberatsa duten lekuetan bakarrik gertatzen dela hori, bioaniztasuna gero eta ahulagoa izan, birsortzeko gaitasuna gero eta txikiagoa izaten dela.

DENA EZ DAGO GALDUTA. Datu ezkorrak ezkor, gizaldi honen erdialderako egin duten aurreikuspena eragotz daitekeela diote. «Ez da beranduegi», eman du aditzera du Boris Worm ikerketa buruak. Egun babestuta dauden ekosistemetan espezieen galera txikiagoa dela ikusi dute, eta neurri egokiak hartzen badira berreskuratze prozesuak ere abia daitezkeela. Bide hori hautatu behar dela diote, ez dagoela besterik.

Babesturiko 44 itsas eremu aztertu dituzte ikertzaileek. Galdutakoa berreskura daitekeela ikusi dute horietan. «Urte betean bere onera itzuliko den itsas eremurik ez dugu ikusiko. Baina, zenbait kasutan, jendeak uste duena baino bizkorrago hasten dira espezieak itzultzen. Hiru urtean, bost urtean, edo hamarrean», eman du aditzera Boris Wormek. Horretarako taxuz kudeatuko diren itsas erreserbak behar dira. Ikertzaileen aburuz, ordea, egun soilik itsas eremuen %1 daude behar bezala babestuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.