Duela hiru aste baino gehiago egin zuten Iranen Kontsultarako Batzar Islamikorako bozen bigarren itzulia —parlamenturako bozena—. Datu ofizialen arabera, parte hartzea botorako eskubidea zutenen %66 ingurukoa izan zen. Alde batetik, herritarrek Errepublika Islamikoarengan zuten konfiantzaren isla zela adierazi zuten orduan agintariek, eta, bertzetik, programa nuklearra dela-eta Mendebaldeko herrialdeen mehatxuen aitzinean herritarrak eta agintariak elkartuta daudela erakutsi zuela. Batasun itxura horren gibelean, baina, Mahmud Ahmadinejad gobernuburuaren eta Ali Khamenei estatuburuaren arteko lehia egon da. Bozetan hautatutako parlamentua gaur eratuko da, eta Khamenei aiatola nagusiaren aldekoek izango dute gehiengoa. Horrek, beraz, are gehiago baldintzatu diezaioke Ahmadinejadi bere agintaldiko azken urtea.
«Ez dago distantziarik parlamentuaren eta gobernuaren artean», adierazi zuen Ahmadinejadek duela astebete. Presidenteak erran zuen bere agintaldian gobernuak ez duela inoiz esku hartu parlamentuaren aferetan, eta aurrerantzean ere asmo bera duela. Harremana gozatzeko solasak erabili zituen, duela urtebete baino gehiago ireki zen lehia gogortu dakiokeela jakitun.
Irango Parlamentuko taldeak lau joeratan banatzen dira: kontserbadoreak, erreformistak, gutxiengo etniko eta erlijiosoetako ordezkariak eta independenteak. Bai Ahmadinejaden, bai Khameneiren aldeko taldeak kontserbadoreen esparrukoak dira, eta jarlekuen %62 dituzte guztira. Erreformistek dituzte eserlekuen laurdenak, eta gainerakoak bertzeek.
196 diputatu hasiberri
Sektore kontserbadorearen barrenean gutxiengoan gelditu dira Ahmadinejaden aldekoak, baina presidenteak egoera gainditzeko itxaropena du; Iranen hautes zerrendak egon arren, diputatuak banaka aukeratzen dira. Horregatik, behin hautatuak direnean, taldez aldatzeko libre dira, eta ezberdintasun ideologikoak ez dira hagitz handiak izaten. 290 diputatu egonen dira parlamentuan, eta horietako 196 lehenbiziko aldiz hautatu dituzte. Horrek balantza bere alde paratzeko esperantza eman dio Ahmadinejadi bere agintaldia amaitu arte. Bitan aurkeztu da, eta heldu den urtean ezinen da berriz presidentegai izan.
2005ean eta 2009an presidente hautatu zutenean, Khameneiren aldekoen sostengua izan zuen Ahmadinejadek. Presidentea, ordea, gobernuaren indarra handitzen saiatu da Errepublika Islamikoaren sisteman, eta horrek estatuko buruzagiaren erantzuna ekarri du. Adibide argiena iazko apirilean ikusi zen, Ahmadinejadek Heydar Moslehi Inteligentzia ministroa kargutik kendu eta ordu batzuetara berrezarri baitzuen Khameneik. Ahmadinejadi «desbiazionista» izatea egotzi diote aiatolaren aldekoek, eta akusazio horregatik presidentearen zenbait jarraitzaile ere espetxeratu dituzte. Ahmadinejad izan da, gainera, Errepublika Islamikoaren historian lehenbiziko presidentea parlamentuan agerraldia egin behar izan duena gobernuak egindako ustezko irregulartasunak direla eta. Gobernuko hainbat ministrori zentsura mozioa ere egin diete.
Khameneirekin edukitako bertze talka bat politika ekonomikoan izan du Ahmadinejadek. Presidenteak oinarrizko produktuei eta energia iturriei laguntzak murriztu nahi zizkien, familia behartsuenei igotzeko. Ali Larijani parlamentuko bozeramailea neurri horren kontra agertu zen, horrek inflazioa berehalakoan haz zezakeelakoan —bozak irabazi dituen Kontserbadoreen Fronte Bateratuko burua izan da Larijani, Khameneiren aldekoa—. Gobernuak 2010eko abenduan ezarri zuen oinarrizko produktuen eta energia iturrien laguntzen murriztea; horren ondorioz, gasolinaren prezioa laukoiztu egin zen, eta ogiarena, hirukoiztu.
Egiptoko Al-Ahram astekariko kolaboratzaile Mojtaba Mousaviren arabera, ordea, Mendebaldeko hedabideek hauteskundeei buruz «desinformatu» egin dute, hauteskundeak Ahmadinejaden eta Khameneiren arteko borrokatzat aurkeztuta. Lehia hori ere ez dela hala dio Mousavik. «Ez du inolako zentzurik indar politikoak lider gorenaren aldekoen eta aurkakoen artean bereizteak, haren aldeko jarrera baita alderdi gehienak batzen dituena». Ahmadinejaden kritikoak haren gobernuko kide ohiak dira, eta, Mousaviren iritziz, «harekin kritiko izateak ez du erran nahi haren aurka daudenik». Are gehiago, aitzineko legegintzaldiko parlamentuak Ahmadinejaden eta haren hainbat ministroren agerraldiak eskatu zituela eta, Khameneik parlamentura idatzi zuela nabarmendu du Mousavik, «presidente karguaren duintasunarekiko errespetua izatea oroitarazteko».
Erreformisten parte hartzea
Mendebaldeko hedabideek egindako bertze «desinformazio» bat erreformisten ingurukoa dela nabarmendu du Mousavik, kanpainan hainbat hedabidetan, batez ere Internet bidez, erreformistek boikoterako deia egiten zutela argitaratu baitzen. «Baieztapen horrek alde batera uzten du hauteskundeetan 1.295 hautagai erreformistak parte hartu zutela eta Mustafa Kavakebian eta Shoheila Jelodarzadeh erreformista ezagunak botoa ematera joan zirela».
Agurraren hasiera
Irango Parlamentu berria eratuko dute gaur, eta Ali Khamenei aiatolaren aldeko diputatuek gehiengo zabala izanen duteMahmud Ahmadinejaden agintaldiko azken urtea baldintzatu dezake ganbera berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu