Ahaztu ezinean

Kristina Berasain Tristan.
2004ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
igalitik 35 kilometrotara, hegoekialdera, Nyamatan, elizaren kanpoaldean lau gizon daude. Eskularru zuriak dituzte eskuetan eta ondoan xaboi eta urez betetako ontziak. Haratago dozenaka hezur eta garezur daude pilatuta. «Garbitzen ari gara, hileta duin bat egiteko», diote. Mendebaldean hildakoei euren jantzi dotoreena jartzen zaien moduan, Ruandan genozidioaren biktimen hezurrak garbitzen dira.

Hutuek 20.000 pertsona hil zituzten aihotzez Nyamatan 1994. urteko apirilaren 9an. Ia ez zen inor bizirik atera herrian. Chantelle izan zen bakarrenetakoa. 25 urte zituen orduan. «Nire senide guztiak hil zituzten», dio dardaraz. Bortxatu egin zuten, ordea. Egun, seropositiboa da, eta hamar urteko umea dauka. «Gertatu zenaz asko mintzatu naiz, eta nire bihotzak min gutxiago du. Orain hobeto egiten dut lo», gaineratu du.Chantelle ugari dago egun Ruandan. Specios Bugoi da horietako bat. «Sarraskian nire senarra, nire senideak, nire lagunak eta nire bizilagunak galdu nituen. Guztiak hil zituzten gauean euren hilotzen artean egin nuen lo», dio.Kigali hiriburuan bakarrik, 250.000 pertsona hil zituzten. Joceline Umuhozaren ama tartean. Aste honetan aurkitu dute haren gorpua Nyamirambo auzoan. «Hortzeriagatik dakit bera dela. Bere lepokoa eta harizko eskumuturrekoak ere aurkitu ditugu. Ez naiz hobeto sentitzen, baina lasaiago gelditzen naiz aurkitu dudalako», azaldu du. «Nik oraindik ezin izan diet nire aita eta anaiei lur eman», gaineratu du 26 urteko Olive Mukanyamurasak.

Emma Mukamusonak esan die Nyamirambo auzoan hil zituzten pertsonen hobi komunak non zeuden. Bera izan zen bizirik atera zen bakarra. Bere familia osoa aihotzez hiltzen ikusi eta ihes egin zuen, nora ezean.

Hamar urteren ondoren bueltatu da, eta hobia non zegoen esan du. «Egun bakar bat ere ez dut pasatzen gertatu zena gogoan izan gabe. Berriro munduko beste inon horrelako ezer gerta ez dadin otoi egiten dut egunero», dio. Eskuetan bere arrebaren garezurra du. Albo batean ebaki bat du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.