Kataluniaren etorkizun politikoaz galdetzeagatik akusatuen aulkitik gertuago daude Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidente ohia, Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohia eta Joana Ortega Generalitateko bozeramailea. Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaile Jose Francisco Valls epaileak zabaldutako autoan, hiruren aurka ahozko epaiketa abiatzeko agindu du, 2014ko azaroaren 9an "desobedientzia larria eta prebarikazioa" egitea leporatuta.
Herri akusazioak eskatu zuen diru publikoa bidegabeki erabili zutelakoan ere epaitzea, baina akusazio hori baztertu du epaileak. Hamar urteko inhabilitazio zigorra eskatu du fiskaltzak.
Hasieran, bozketa hura erreferendum baten baliokidea izango zela iragarri zuen Masek, Generalitatearen baliabideak eta hauteskunde errolda ofiziala erabilita. Espainiako Gobernuaren abokatuak helegitea jarri zuenean, Konstituzionalak indarrik gabe utzi zuen deialdia, eta inhabilitatzeko mehatxua egin zien hura gauzatu behar zuten funtzionarioei. Masek, tonua apaldu, eta herri galdeketaren ordez «prozesu parte hartzaile bat» egingo zutela iragarri zuen: bozkalekuak zabaltzeko eta botoak zenbatzeko ardura boluntarioen esku geratuko zen —40.000 baino gehiago batu zituzten—, gobernua antolaketatik at utzita.
Ez da Kataluniako prozesu subiranistari lotuta auzitegietan dagoen gai bakarra. Joan den astean Kataluniako Parlamentuak onartu zuen 2017an betebeharreko erreferenduma egitea, eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako jarduneko presidenteordeak esan zuen ebazpena dagoeneko Estatuaren abokatuaren mahai gainean dagoela.