«Ez dago Al-Qaeda garaituko duen zilarrezko balarik», aitortu du Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak Osama Bin Ladenen hilketaren urteurrenaren atarian. 2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik, erasoen erantzule jo zuten Bin Laden harrapatzea izan da AEBen helburu nagusietako bat segurtasunaren alorrean. George Bushek Al-Qaedako burua harrapatzeko aitzakiarekin hasi zuen «terrorismoaren kontrako gerra». Iaz, maiatzaren 1etik 2rako gauean bete zuten xedea, Barack Obamaren aginduz. «AEBentzat egun handia da, mundua seguruagoa da Osama Bin Ladenen heriotzagatik», esan zuen orduan Obamak, eta buruzagia hilda Al-Qaeda inoiz baino ahulago zegoela esan zuten Pentagonokoek. Orain, ordea, mehatxuak indarrean jarraitzen duela onartu dute, eta erakunde islamista garaitzetik urrun daudela.
Pakistango Abbottabad hirian hil zuten Bin Laden, iazko maiatzaren 2an, Islamabadetik 120 kilometrotara. Navy Sealseko bi helikopterotan ailegatu ziren operazioan parte hartu zuten AEBetako militarrak hirira, eta Al-Qaedako burua ezkutatuta zegoen etxean sartu eta hil egin zuten, buruan tiroa jota. Obamak esan zuen «justizia» egin zutela.
Buruzagiaren hilketa mendekatzea hitzeman zuen Al-Qaedak, eta Aiman al-Zawahiri Bin Ladenen gertukoa izendatu zuten erakundeko buru. Pentagonoak hilketaren ondoren adierazi zuen Bin Laden uste baino inplikatuago zegoela nazioarteko jihadaren borrokan. Hari atzemandako dokumentuak aipatuta, esan zuten liderra ez zegoela aditu askok esaten zuten bezain bakartuta, eta, beraz, haren heriotzak kolpe handia eragin zuela erakundean. Urteurrenaren harira, hain zuzen, Abbottabaden aurkitutako hainbat dokumentu jarriko dituzte Interneten ikusgai.
«Defentsiban daude, baina inolaz ere ez garaituta», ohartarazi du CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko goi kargudun Bruce Riedelek. Izan ere, erakundearen indar handiena botere zentralik gabe jarduteko ahalmena dela dio. Hala, herrialde arabiar egonkorrenetan erasoak nabarmen gutxitu baditu ere, Yemenen eta Iraken izugarrizko indarra izaten jarraitzen du, erakundeari lotutako talde autonomoen bitartez. Azken herrialde horretan, hainbat hiriren kontrola ere hartu du hegoaldean.
Adituen hitzetan, dena den, Bin Ladenen hilketak baino gehiago, herrialde arabiarretako matxinadek eragin dute aldaketa gehien Al-Qaeda erakundean azken urtean. Matxinaden ondorioz islamistek izan duten gorakadarekin «erregimen desleialen» aurka borroka egiteko aitzakia galdu du erakundeak. Protesten garaipena, dena den, bere egin du Al-Qaedak. Al-Zawahirik adierazi du hilabeteotan egin dituzten erasoekin Mendebaldeari presio egiten ahalegindu direla, «erregimen autokratikoei laguntzarik ez emateko».
Obamaren garaikurra
AEBen etsairik handiena harrapatu izanari etekin politikoa ateratzen ari zaio Obama, eta azaroko presidentetzarako bozetarako lelorik garrantzitsuenetarikoa bilakatu du. Hilketa Obamak gehien behar zuen unean iritsi zen: nazioarteko politikan herrialdea bide onetik ez zihoala pentsatzen zuten herritar gehienek. Bin Ladenen hilketak, ordea, iritzi aldaketa erabatekoa eragin zuen AEBetako gizartean, eta gehienek presidenteak herrialdeko mugetatik at burutu duen lanaren alde egiten dute orain.
«Badakigu Obamak zer lortu zuen. Ezin dezakegu esan Romneyk zer egingo zukeen», adierazi du Joe Biden presidenteordeak. Ezusterik ezean azaroko presidentetzarako bozetan errepublikanoen hautagai izango den Mitt Romneyk ez lukeela Obamaren ausardiarik izango esan dute. Ostiralean ere mezu berarekin kanpainarako bideo bat kaleratu zuten demokratek, 2007an Romneyk esandakoa gogora ekarriz: «Ez du zentzurik zerua eta lurra mugiaraztea eta milioika dolar gastatzea pertsona bakar bat harrapatzeko». Bin Ladenen hilketarekin etekin politikoa atera nahi izana «tristea» dela adierazi du Romneyk.
Harremana, betiko kaltetuta
Aspalditik zaila zen AEBen eta Pakistanen arteko harremana are gehiago gaiztotu zen Bin Ladenen hilketaz geroztik, eta Islamabadek ez zuen operazioaren berririk izan hedabideetan agertu zen arte. Herrialdeko inteligentzia zerbitzuek haserre erreakzionatu zuten, AEBek baztertu egin zituztelako, eta herrialdearen subiranotasuna urratzea egotzi zioten Washingtoni. Bestalde, Bin Laden urteetan Islamabadetik kilometro gutxira eta Pakistango armadako kadeteen akademia nagusia zegoen hirian bertan ezkutatu izanak Pakistanen aurkako susmoak piztu zituen AEBetan. Bin Ladenen berri izatea leporatu zioten Islamabadi, eta Al-Qaedako buruzagiak agintarien laguntza izan zuela ere adierazi zuten. «Pentsaezina da Bin Ladenek ezkutatuta segitzeko Pakistanen bertan laguntza sare bat ez edukitzea», esan zuen Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulari John Brennanek.
Islamabadek AEBekiko harremanak mugatu zituen, legebiltzarrak aho batez hala erabakita. Urtebete igarota ere, harremanak gaiztotuta segitzen du. Berriki AEBek terrorismoa sustatzen dutela adierazi du Pakistango gobernuak, piloturik gabeko hegazkinekin egiten dituen erasoetan talibanak baino zibil gehiago hiltzen dituztelako.
Bestalde, ISI Pakistango informazio zerbitzuak azken hilabeteetan 25 taliban hil dituela jakinarazi du gobernuak. Ustez, isilpean AEBekin bake negoziazioetan aritzeagatik hil ditu ISIk milizianoak.
Ahulduta, baina ez garaituta
Urtea bete da AEBek Al-Qaedako buruzagi Bin Laden hil zutenetik; erakundea oraindik segurtasunerako mehatxu da, adituen ustezPresidentetzarako kanpainako leloetako bat bilakatu du Obamak Bin Ladenen heriotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu