Txinako Poliziak Ai Weiwei disidente txinatarra (53 urte) atxilotu du Pekingo aireportuan, Hong Kongera abiatzear zela, eta emazteak eta laguntzaileek ez dakite non daukaten. Giza eskubideen aldeko ekintzailearen telefonoa itzalita dago ordutik.
Herenegun atzeman zuten, eta Lu Qing emaztea polizia etxe batera eraman zuten atzo, baina ezin izan zuen senarrarekin hitz egin.
Txinako Poliziak atzo Wen Tao ekintzaile eta kazetaria atxilotu zuen, baita Ai Weiweiren zortzi laguntzaile ere. Zortzi horiek libre utzi ditu, galdeketa baten ostean. Wen Tao atxilotuta dago oraindik.
Poliziak abenduan ere ez zion Txinatik irteten utzi Ai Weiweiri. Aurrekoan Bakearen Nobel sariaren ekitaldira zihoala eragotzi zioten herrialdetik ateratzea —Liu Xiaobo ekintzaile preso txinatarrari eman zioten saria—.