AIk Persiako Golkoko hiru herrialdetako errepresioa salatu du

Saudi Arabiari xiitei jazartzeari uzteko eskatu dio, eta Bahraini eta Omani, oposizioko atxilotuak askatzeko

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak Saudi Arabiari, Bahraini eta Omani buruzko adierazpen bana argitaratu du, herrialde horietan agintariek oposizioaren aurka erabilitako errepresioa salatzeko. Saudi Arabiari gutxiengo xiitaren aurkako «giza eskubideen urratze etengabeak» bukatzeko exijitu dio. Bahraini, berriz, iazko ekainean auzitegi militar batek zigortutako hamahiru ekintzaile politiko askatzeko exijitu dio, kasua auzitegi zibiletara pasatu ondoren. Omanen «disidenteekiko intolerantzia» areagotu egin dela salatu du AIk, protestetan parte hartzeagatik gero eta espetxe zigor eta isun gehiago jarri dituztelako.

Hiru herrialde horien artean, Bahrainen izan dira iaztik protesta olde gogorrenak, gehiengo xiita —herritarren %70— gutxiengo sunitak ezarritako diskriminazioaren aurka matxinatu zenean. Protestetan atxilotu zituzten AIk aipatutako hamahiru ekintzaileak. Horietako batzuk ezagunak dira Bahrainen. Iazko ekainean, auzitegi militar batek bi urte eta bizi osora arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien, «errege erregimena bota eta konstituzioa aldatzeko talde terroristak prestatzea» egotzita. Aurtengo apirilean, Kasazio Auzitegiak kasua Justizia zibilera igortzea onartu zuen.

Monarkia sunitak

Oihartzun gutxiago izan dute Saudi Arabiako protestek. Ez dira Bahrainen bezainbertze izan, baina Ekialdeko Probintzian, gehienak xiitak diren eskualdean, sarri egin dituzte manifestazioak—joan den astean polizia bat eta manifestari bat hil ziren—. AIk Nimr Baqir al-Nimr apaiz xiitaren kasua aipatu du, hilabete baitarama preso inongo akusaziorik jaso gabe. Atxilotzeko unean poliziek tiro bat eman zioten.

Saudi Arabia, Bahrain eta Oman Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko kideak dira, Arabiar Emirerri Batuekin, Kuwaitekin, eta Qatarrekin batera. Monarkia sunitak dira guztiak, eta AEBen ezinbertzeko aliatuak Ekialde Hurbilean. Siriako matxinoen babesle handienetakoak ere badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.