AIk salatu du Iranek errepresioa gogortu duela bozen atarian

«Atxiloketa uholdea» hasi du Teheranek, AIren arabera; ostiralean egingo dituzte hauteskundeak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
AI Amnesty International erakundeak salatu du Irango erregimenak oposizioaren aurkako errepresioa gogortu duela datorren ostiraleko legebiltzarrerako bozetara begira. Iaz presidentetzarako hautagai ohi Hossein Musavi eta Medi Karrubik protestetarako deia egin zutenetik «atxiloketa uholdea» egin du gobernuak, AIren arabera, eta bozak gerturatu ahala, atxiloketak areagotu egin dituzte.

Abokatuak, ikasleak, ekintzaileak, kazetariak, buruzagi erlijiosoak eta artistak izan dira errepresioaren biktima nagusiak. Ekialde Hurbilerako AIren zuzendariorde Ann Harrisonek erregimenarekin bat ez etortzearen arriskuak nabarmendu ditu: «Agintariek politikoki onargarria dela uste duten esparru mugatu horretatik irteten bazara, zeure burua arriskuan jartzen duzu Iranen». Hori horrela, Interneten talde bat sortzea, gobernuz kanpoko erakunderen bateko kide izatea edo «edozein motatako disidentzia» agertzea nahikoa da irandar bat espetxera eramateko, AIk adierazi duenez.

Hori horrela, Teheranek Egiptoko, Bahraingo eta eskualdeko beste hainbat herrialdeetako manifestariekin bat egin izana «hipokrisia hutsa» dela salatu du Harrisonek.

Ezagutza nuklearra

Ali Akbar Salehi Irango Atzerri ministroak, bestalde, herrialde batzuk energia nuklearrari buruzko ezagutza «monopolizatu» nahia kritikatu du. «Herrialde guztiek ekintza nuklear baketsuak egiteko duten eskubidea bermatu beharko litzateke», gaineratu du, eta energia nuklearra eta arma nuklearrak kontzeptu ezberdinak direla nabarmendu du.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin negoziatzen jarraitu nahi dutela ere jakinarazi du Salehik. «Bi bide daude: kooperazioarena, batetik, eta gatazkarena eta konfrontazioarena, bestetik. Guk nahiago dugu lehenengo bidea». IAEAko ordezkariek, baina, azken bisitan Iranek hainbat instalazio ikusteko baimena ukatu diela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.