Airbusek 10.000 lanpostu kenduko ditu hiru urtean

Arduradunen helburua epe horretan 5.000 milioi euro aurreratzea da; sindikatuek salatu egin dute neurria

2007ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Europako Airbus enpresa aeronautikoak Power 8 izeneko berregituratze plana indarrean jarri, eta 2010 artean 10.000 lanpostu gutxituko dituela iragarri zuen atzo konpainiako presidente Louis Galloisek. Xedea «integrazioa bultzatzea» eta lan jardueren erdia kanpoko enpresen bitartez bideratzea izango da. Alabaina, konpainiako enpresa batzordeak eta hainbat sindikatu neurriaren kontra azaldu ziren, eta Alemaniako lantegietan lanuzteak egin zituzten. «Power 8 plana huts egindako urratsa da, argi gutxi eta itzal askorekin», salatu zuten sindikatuek.

Galloisek azaldu zuenez, planarekin 5.000 milioi euro aurreratu nahi dituzte 2010 arte, eta urtero beste 2.000 milioi hortik aurrera. Desagertuko diren 10.000 lanpostuen erdia azpikontratatutako enpresetakoak dira; beste erdia Airbuseko plantillako lanpostuak dira. Aurretik erretiratzea eta lan uzte sarituak lehenetsiko dituztela eta «kanporaketak» ez dituztela proposatu nabarmendu zuen.

Halere, espero dituzten emaitzak bete ezean, urte eta erdiko epean gastuak murrizteko helburua bete ahal izateko lan arloko beste neurri batzuk ezartzea balitekeela esan zuen Galloisek.



LANPOSTUEN GALERAK ESTATUZ ESTATU. Lanposturik gehien Frantziako estatuan galduko dituzte, 3.200 gehi Airbusen egoitza nagusiko, Tolosako (Okzitania), beste 1.100. Alemaniak 3.700 lanpostu galduko ditu, Erresuma Batuak 1.600 eta Espainiak 400.

Gallois kexatu zen estatuek enpresaren erabakietan esku hartu nahi izaten dutela, honen egitura motaz baliatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.