«Atzerrian urte askoan ikasi eta lan egin ondoren, Libiara iritsi berria». Halakoxea da Libiako exekutibo berrien erdien profila. Beste erdiak Muammar Gaddafiren erregimeneko agintari ohiak dira. Anuar Faituri de facto-ko Komunikazio eta Garraio ministroak Libiatik kanpo eman ditu azken hogei urteak. Denbora tarte horretan, Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Kanadan eta, besteak beste, Motorola telefonia konpainiarako lan egin du Arabiar Emirerri Batuetan.
Pozik dagoela dio, eta ez da harritzekoa. Gaddafiren kontrako altxamenduarekin bere jaioterrira bueltatu ez ezik, Trantsizio Kontseilu Nazionalak ministro izendatu du. BERRIA hartu du estreinatu berri duen bere Tripoliko bulegoan.
Noiz finkatuko da Trantsizio Kontseilu Nazionala bertan, Tripolin?
Ez daukagu egun zehatzik, baina, ziurrenik, datorren astean etorriko da Mustafa Abdul Jalil [Trantsizio Kontseilu Nazionaleko burua]. Nolanahi ere, dagoeneko ia exekutibo osoa daukagu Tripolin.
Gobernu osoa bildu bitartean, lanean ari zara zure sailari dagozkion beharrei erantzuten, ezta?
Bai. Dagoeneko hainbat hilabete eman ditugu lanean Libia ekialdeko Internet zerbitzua berreskuratzearren, eta Tripolikoari eutsi berri diogu. Ezin dezakegu ahaztu Facebookek izan duen garrantzia gure iraultzan. Eskualde askotan telefonia mugikorra berreskuratzeak mesede handia egin dio libiar askori. Aldi berean, lurreko sarea eta nazioarteko komunikazioak bueltan dira.
Libiako telefono konpainiak Gaddafiren seme Mohamedenak ziren. Nazionalizatzeko asmorik ba al duzue orain?
Libian bederatzi konpainiak kudeatzen zuten lurreko nahiz telefonia mugikorra, bai eta Interneteko zerbitzua ere. Oraingoz, ustelkeriagatik edota Gaddafiren alde agertzeagatik, langile taldea berregiteari ekin diogu. Hauek guztiak herriaren esku gelditu behar dira orain, eta jada hasi gara konpainia bakoitzaren gestioa antolatzen. Aurki lehiaketara aterako ditugu, eta asmoa da hauek guztiak estatuaren nahiz sektore pribatuaren esku gelditzea.
Libia ekialdean doakoa izan da telefonoa azken hilabetean. Hala izango al da herrialde osoan?
Bengazi eta ekialdeko gainontzeko hirietan nazioarteko komunikazioak kobratzen hasi berri gara. Ildo berean, egun gutxiren buruan tokikoak ere ordaindu beharko dira ekialdeko eskualdeetan. Tripolin deiak ez dira doakoak, baina nahiko prezio arrazoizkoa dute oraingoz. Tarifak modu mailakatuan igoko ditugu.
Telefoniaz gain, aire, itsas eta lurreko garraioak ere zure sailaren esku daude, ezta?
Itsas portuak direla eta, Tripolin bertan jada hainbat itsasontzi ikus ditzakezue. Zauijakoa [Libia mendebaldean] atzerriko erregaiak ekartzeko erabiltzen ari gara, eta Libiako ekialdetik bestelako hornigaiak iristen zaizkigu. Normaltasuna lehenbailehen berreskuratzea da gure helburua.
Bestalde, aire garraioen arloan erronka anitzi egin beharko diogu aurre. Batetik, oraindik indarrean dagoen aire blokeoari. Zibilak babesteko, iragan martxoan kendu bazen ere, hainbat arazo sortzen ari da egun gurean, oztopo itzela bilakatu da jendeak herrialdearen barruan nahiz kanporantz bidaiatzeko garaian.
Bengazi eta Misratako aireportuak dagoeneko lanean ari dira eta duela lau egun Tripoliko Matigako aireportuan lurreratu ginen. Egoera ia normaldu da, beraz, aire blokeoa kentzeko garaia iritsi dela deritzot. Libiarron bizitza izugarri hobetuko luke horrek, edozein hegalditarako NATOren baimena behar baitugu. Nazio Batuei Libyan Airways estatu konpainia onartzeko eskatu diogu berriz, formalki. Tamalez, aire blokeoa ez dute kenduko gerra amaitu arte.
Noiz emango duzue amaitutzat Libiako gerra?
Erregimena betiko desagertzen denean. Horretarako, Gaddafi atxilotu behar dugu.
Gaddafi harrapatzeko telefono komunikazioak jarraitzeko gaitasun teknikorik ba al duzue?
Ni neu espiatzearen kontra nago, baina egia da ere ia herrialde guztietan egiten dela, segurtasunagatik. Edonola ere, komunikazioak jarraitzea baimentzen duen legedia indargabetzearen alde nago. Egipton egin da dagoeneko eta Libian hala gertatzea espero dut.
Atzerriko enpresarik ba al dago Libiako berreraiketan partaide?
Jakina. Alcatel, Ericsson eta hainbat txinatar konpainiak, besteak beste, laguntza eskaini digute telefonia sarea normaltzeko. Hegazkingintzan, Airbus eta Boeing konpainiekin kontratuak sinatu ditugu jada. Gaddafiren bonbek, tamalez, hiru hegazkin erabat hondatu zituzten, eta zaharregi daude beste batzuk.
Errepide sarea berreskuratzeko, lehenagotik ere bertan lanean ari ziren hainbat enpresarekin dugu harremana. Fidagarriak baldin badira, hau da, ustelkeriarekin edota Gaddafirekin loturarik ez izatekotan, garai batean eurekin adostutakoa errespetatuko dugu.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia. Anuar Faituri. Libiako Komunikazio eta Garraio ministroa 'de facto'
«Aire blokeoa kentzeko garaia iritsi da»
Trantsizio Kontseilu Nazionaleko gobernua Tripolin noiz eratuko zain, bulego estreinatu berrian hartu du BERRIA Anuar Faiturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu