espainia

Aire kontrolatzaileak, auzitegian

Asteburuko lanuztea dela-eta gaur haietako hamabi joan dira Madrilgo Epaitegira, eta astelehenera artean beste hamalau daude deituta. Espainiako fiskal nagusiak hiru eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatuko ditu.

2010eko abenduaren 9a
18:26
Entzun
Gaur hasi dira Espainiako Estatuko hainbat aire kontrolatzaile auzitegitik pasatzen, lehengo ostiraleko eta larunbateko lanuztea dela-eta deitu egin dituztelako. Gaur hamabi kontrolatzaile joan dira Madrilgo Auzitegira, baina ez dute deklaratu nahi izan.

Astelehenera artean denera 26 aire kontrolatzailek joan beharko dute auzitegira. Espainiako Poliziak ostiralean Barajas aireportu ondoko hotel bateko bileran identifikatu zituenak dira.

Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak gaur jakinarazi du hiru eta zortzi urte arteko kartzela zigorrak eskatuko dituztela haientzat, "oso delitu larriak" egin zituztelako.

Espainiako Gobernuak alarma egoera aldarrikatu zuen larunbatean, frankismoaz geroztik lehen aldiz. Haren arabera, 300.000 lagun inguru geratu ziren hegazkinez bidaiatu gabe lanuzteagatik. "Orden konstituzionalari egindako iraina izan zen matxinada", esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak gaur, Kongresuan. Talde gehienek -PPk barne- neurri hura hartu izanaren alde egin dute; NaBai aurka azaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.