Kutsadura da Europako herritarrek daukaten arazorik larrienetako bat, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) egindako txosten baten arabera. Hain zuzen ere, atmosferako poluzioa "gehiegizkoa" da Europa osoan, EIAren iritziz, eta biztanleek ordaintzen dute hori, euren osasunarekin.
Hain zuzen ere, hirietan bizi diren herritar gehienek (%98 inguru) jasaten dute aire kutsatua. Besteak beste, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) onargarritzat jotako ozono kopurua gainditzen du haiek arnastutako aireak. Lurreko ozonoa sortzen da NO2-ak, metanoak eta beste substantzia toxiko batzuek eguzki irradiazioa jasotzen dutenean. NO2 kutsadura ikatz erretzeak, gasolio bidezko garraioak eta beste errekuntza batzuek eragiten dute —hondakinak errausteak, esate baterako—. Metanoaren erdia baino gehiago, berriz, nekazaritza sektoreak sortzen du Europan.
Aire kutsatu hori arnasteak dagokien bizi itxaropena zapuztu die ehunka mila laguni. Hain zuzen ere, EIAren txostenaren arabera, 422.000 lagun hil ziren iaz Europako 41 herrialdeetan zegokien adinean baino lehenago. Europako Batasuneko 28 estatuetan, berriz, 391.000 hil ziren. 2014ko txostenetik beherakada txiki bat izan da kopuru horretan, orduan 399.000 izan baitziren hildakoak. Alemanian, Polonian, Italian eta Frantzian hil dira gehien arrazoi horrengatik.
Urte hasieran Europako Batzordeak iragarri zuen Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Errumania eta Hungaria eramango zituela Europako Auzitegi Gorenera aire kalitatean egin beharreko hobekuntzak ez egiteagatik.