Armeniarren genozidioa

Aitortzaren zain

Ehun urte beteko dira laster milioitik gora armeniarren heriotza eragin zuen genozidioa hasi zela. Turkiak egindakoa aitor dezan borrokan ari dira oraindik haien ondorengoak. Ez dirudi, ordea, Ankarako gobernuak epe motzean urrats hori egingo duenik. 

Milioitik gora armeniar hil zituzten genozidioan.
arantxa elizegi egilegor
2014ko apirilaren 20a
17:01
Entzun

Sarraskiekin lotuta egon ohi dira gerrak nahitaez. Badira, baina, borroka guneetako ankerkerien artean krudelkeriaren mugak gainditzen dituztenak. Horietako bat da armeniarren genozidioa. Mende baten ostean, zenbaki zehatzak jakitea ezinezkoa den arren, 800.000 eta 1,5 milioi hildako artean eragin zituela uste dute historialariek.

"Otomandar Inperioak bultzatutako suntsitze programa bat izan zen armeniarren genozidioa. Horren froga dira orduko diplomazialariek euren herrialdeetara bidalitako mezuak, testigantzak eta garai hartako bestelako dokumentuak. Politika horren frogak aurkeztu ziren 1918 eta 1920 artean Turkian agindu zuten buruzagien aurkako epaiketan", azaldu dio Igandea-ri Suren Manukyanek. Armeniarren Genozidioaren Museoko zuzendariordea da. Ankarak ere ez du zalantzan jartzen hilketak izan zirela, zenbait gertaera ukaezinak baitira, baina erabat bestelakoa da interpretazioa. "Ez gara ari alde batek bestearen aurka egindako sarraski batez, bataila batez baizik, turkiarren nahiz armeniarren bizitzak eten zituena", adierazi zuen Recep Tayyip Erdogan lehen ministro turkiarrak, Der Spiegel kazetari emandako elkarrizketan. Duela lau urte izan zen hori, baina denboraren joanak ez ditu leundu bi aldeen arteko desadostasunak. Turkian tabua da oraindik genozidio hitza aipatzea. Askok gogoan dute Hrant Dink kazetari turkiarraren hilketa —2007an hil zuen eskuin muturreko ekintzaile batek—.

Potentzia nagusiak gerran zeudela baliatu zuen Turkiak aurretik ere petxerotzat erabilitako armeniar herriaren kontra egiteko. Bi urte lehenago helduak ziren boterera Mehmet Talaat, Ismail Enver eta Ahmed Djemal, gazte turkiarren mugimendua deiturikoaren bultzatzaile nagusiak. Sultanen garaiko loraldira itzularazi nahi zuten herria, hizkuntza eta erlijio bakarreko inperioa eraikiz. Armenia traba zen bide horretan.

Armeniarren aurkako erasoak ez ziren kontu berria. Aurretik ere, gutxiengo kristaua izanik, jasan behar izan zituzten sarraskiak. 1909an, esaterako, berrehun bat herriri eraso zieten turkiarrek, eta 30.000 lagun inguru hil zituzten, Cilicia barrutian. Mundu Gerraren itzalean egin asmo zutena, ordea, erabateko garbiketa zen, ordura arteko ankerkeriekin alderatu ezinekoa.

Herio martxa

Mundu Gerra hasi eta gutxira, Alemaniarekin bat egin zuen Turkiak, eta gerra santua edo jihada deklaratu zien herrialde kristauei. Aitzakia hori bera baliatu zuen armeniarren aurka egiteko ere. Hiruko gobernuak Errusiaren aliatu izatea leporatu zien, han ere armeniar komunitate zabala bizi baitzen —milioi erdi inguru—. Horri gehitu behar zitzaion etnia horren aurkako propaganda; izan ere, turkiar gehienak nekazariak eta abeltzainak ziren bitartean —diktadura garaian sultanek nahiago zituzten ikasketarik gabeko herritarrak, erraz makurtuko zirenak—, armeniarrak, gutxiengoa izanik, banku eta enpresen jabe ziren. Ondorioz, agintarientzat ez zen zaila izan bekaizkeria eta ezinikusia leherraraztea. "Otomandar Inperioan bizi ziren armeniarrak ezabatu nahi zituzten. Baina, salaketak saihesteko, propaganda erabili zuten, eta esan armeniarrak lekualdatuko zituztela segurtasun arrazoiengatik eta dirua emango zietela etxea uzteagatik. Horren ordez, kontzentrazio guneetara eraman zituzten, edo basamortuak zeharkatzera derrigortu urik eta janaririk gabe", gaitzetsi du Manukyanek.

Deportazioak hasi aurretik, baina, Turkiako armadan zeuden soldadu armeniarrak armak entregatzera derrigortu zituzten, eta lan eremuetara bidali, "Errusiaren aliatu" izan zitezkeen aitzakiarekin. 1915eko apirilaren 24an —egun horretan gogoratzen dute genozidioa— armeniar intelektualen aurkako sarekada egin zuten Konstantinoplan (egungo Istanbul). Hirurehun lagun atxilotu zituzten, tartean buruzagi politikoak, irakasleak, idazleak eta elizgizonak. Hortik aurrera, sarekada eta hilketak etengabeak izan ziren. Segurtasun indarrek ez ezik, gerrilla taldeek ere parte hartu zuten horietan.

Ondoren, emakume, haur eta adinekoen txanda heldu zen. Egun batetik bestera, etxea uzteko agindu zieten, esanez "leku seguruago batera" eramango zituztela. Ordea, kontzentrazio eremuetara eraman zituzten batzuk, eta besteak Siriako basamortua zeharkatzera derrigortu, janari eta edatekorik gabe. Martxak luzeak ziren, eta maiz itzuliak egiten zituzten herriak saihestu eta ibiltariak nekarazteko. Leslie Davisek, 1917ra arte AEBen Turkiarako kontsula izan zenak, honelaxe deskribatu zuen: "Sarraskiak izugarriak badira ere, gizatiarragoak dira hemen gertatzen ari denarekin alderatuta". AEBetako enbaxadore ohiak, Henry Morgenthauk, berriz agintarien ankerkeria gogoratzen zuen bere memorietan: "Talaatek deitu zidan deportazioak hasi ostean, eta eskatu AEBetako aseguru etxeen bezero ziren armeniarren zerrenda emateko. Izan ere, hilak ziren, eta ez zuten ondorengorik; beraz, gobernuarenak ziren haien ondasunak. Ezetz esan nion".

Talaaten agindua argia zen: "behin betiko" suntsitu behar ziren armeniarrak, baina sarraskiak ezkutuan geratu behar zuen. Horretarako, neurriak hartu zituzten: besteak beste, zentsura. Horretaz gain, soldadu eta mertzenarioei agindu zieten gorpuak lurperatzeko. Azken horiek, baina, ez zuten asmorik basamortuan zuloak egiten denbora galtzeko. Horri esker jaso zituzten garaiko egunkariek genozidioari buruzko albisteak.

Gertakarien berri zabaldu zenean, aliatuek mezu bat helarazi zioten Turkiari, egiten ari zenak ordaina izango zuela ohartarazteko. Alemaniak, ordea, ez zuen aliantza eteteko asmorik. "Alemaniako Gobernuak bazuen genozidioaren berri. Hori frogatzen dute garai hartako dokumentuek", azaldu du Manukyanek. Horren adibide da Alemaniak Konstantinoplan zuen enbaxadoreak, Theobald von Bethman Hollwegek, 1915eko abenduaren 7an idatzi zuen gutuna: "Egiten ari direna gure babesarekin egiten dute: gure soldaduekin, gure diruarekin... Armeniarren auzian garaipena lortu nahi badugu, Turkiako Gobernua beldurtu behar dugu izan ditzakeen ondorioekin. Ezin dugu begira geratu gure aliatuak sarraskiak egiten jarraitzen duen bitartean". Berlinek, baina, ez zuen inolako asmorik Turkiaren babesa arriskuan jartzeko, eta hala erantzun zion: "Aliatu bati publikoki errieta egitea historian aurrekaririk gabeko ekintza bat litzateke. Gure helburu bakarra da Turkiari gure aldean eustea gerra amaitu artean; ez dio axola horren ondorioz armeniarrak hiltzen diren edo ez".

Basamortuak zeharkatzera derrigortutako armeniarren %75 hil egin ziren, gehienak haurrak eta adinekoak. Bestetik, ehunka emakume armeniar turkiarren esku geratu ziren, esklabo gisa.

Gerraoste odoltsua

1918an gerra amaitu aurreko hilabeteetan, eta aliatuak iristear zeudela ikusita, Turkiako Gobernuak dimisioa eman zuen, eta hiru buruzagiek Alemaniara ihes egin zuten. Borrokak amaitutakoan, Armeniako Errepublikako ordezkariek euren antzinako lurrak itzultzeko eskatu zieten aliatuei Parisko Bake Konferentzian. Horren ordez, 1920an, Sevresko Tratatua izenpetu zuten Turkiak eta Armeniak, eta Armeniako Errepublikaren sorrerari bide eman zioten, zeinak lurralde historikoaren zati txiki bat hartzen zuen.

Gobernu berriak, ordea, ez zuen indar nahikorik, besteak beste, hiriburua aliatuen esku zegoelako. Epe motzean probintzien gaineko kontrola galdu zuen, eta 1922an desegin egin zen. Turkiar nazionalistek hartu zuten haien lekua. Ordurako, kanporatutako armeniarrak hasiak ziren etxera itzultzen. Batzuek bonbardaketek utzitako hondakinak aurkitu zituzten; besteek, berriz, etxe okupatuak. Azken horiek ez zeuden prest lortutakoari uko egiteko, ez eta atzerritarren okupazioa onartzeko ere. Armeniarren kontrako jazarpena piztu zen, eta itzulitako askok bigarrenez ihes egin behar izan zuten.

Aliatuak ez zuten nahi izan edo ez ziren gai izan Sevresko Tratatua betearazteko, eta armeniar herria sakabanaturik bizi izan zen mende erdiz: sobietarren menpe batzuk, eta mundu osoan barreiatuta besteak. Turkiarren helburua betea zen: herrialdean ez zen armeniarrik geratzen, eta genozidioa isildua zen. 1991n bigarrenez eskuratu zuen independentzia —lehen errepublikak soilik bi urte iraun zuen, 1918tik 1920ra arte—.

Lehengo lepotik burua

Independentzia eskuratu orduko hasi zen armeniarren borroka, nazioarteak eta batez ere Turkiak genozidioa onar zezaten. Ankarak, ordea, bere tesiari eusten dio; alegia, bi aldeek egin zituztela sarraskiak eta inola ere ezin dela hitz egin armeniar herria desagerrarazteko asmoez —Nazio Batuen Erakundearen arabera, genozidioa egon dadin nahitasuna egon dela frogatu behar da—.

"Armeniarren itxaropena da Turkiako Gobernuak noizbait genozidioa aitortu eta egindakoa gaitzetsiko duela. Horrek armeniar nazioaren etorkizuna eta segurtasuna bermatuko luke. Baina Turkiak egindakoa ukatu egiten du oraindik ere. Euren artxibategiak ireki eta elkarlanerako prest daudela esaten duten arren, historialariek salatu dute dokumentu ugari desagertu egin direla. Ankarak dioen moduan genozidioaren gaineko eztabaida historia kontu hutsa balitz, ez lukete egingo kanpainarik gaitzespenen aurka. Zergatik mehatxatzen eta boikotatzen ditu Ankarak genozidioa salatzen duten estatuak?", nabarmendu du Manukyanek. Armeniako Genozidioaren Museoko zuzendariordeak, baina, salaketa gogorragoak ere egin ditu egungo gobernuaren aurka: "Azken urteetan, herritarren ikuspegia aldatuz joan da. Asko idatzi da genozidioari buruz, baita Turkian ere. Baina horrek gobernuaren jarrera gogortzea eragin du. Armeniako genozidioa aitortu duten intelektual eta idazleak preso hartu edo hil egin dituzte".
Ankarak behin baino gehiagotan esan izan du I. Mundu Gerra garaian gertatutakoa Otomandar Inperioaren eta ondorengo agintarien erantzukizuna dela eta ezin direla egungo buruzagiak derrigortu haiek egindakoagatik barkamena eskatzera. Manukyan, ordea, ez da iritzi berekoa: "Gauza bera egin dute ordutik hona agintean egon diren gobernu guztiek: hau da, krimenetan izan zuten erantzukizuna ukatu eta, bide batez, haiek betikotu, horretarako eskura zituzten baliabide guztiak erabiliz. Haiek ziren eta dira erantzuleak, ez dietelako etxera itzultzen uzten armeniar errefuxiatuei, Otomandar Inperioak lehenik eta gazte turkiarrek ondoren hartutako neurriak berretsiz". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.