Proposamena beteko bada 6.800 milioi dolar behar ditu AEBetako presidenteak: 1.200 milioi dolar suntsitutakoak konpontzeko eta lanpostuak sortzeko; eta 5.600 milioi soldaduen beharrak asetzeko. Baina aurrekontua onartzea demokraten esku dago, eta haiek tropak lehenbailehen erretiratzen hastearen aldekoak dira. «Ez dugu gerra irabaziko. Bushek errealitatea onartu behar du, prezio garestiegia ordaintzen ari gara», nabarmendu du Dick Durbin senatari demokratak. Haren esanetan, irakiarrak dira orain gatazkaren erantzukizuna hartu behar dutenak.
«GEHIAGO HILKO DIRA». Oso bestelakoa da AEBetako presidentearen iritzia. Haren esanetan, soldaduak erretiratzen badituzte, Irakeko Gobernua erori, herrialdea banatu eta hilketak izugarri ugariko dira. Hala ere, ohartarazi du soldadu gehiago bidaltzeak ez duela egun batetik bestera konponduko gatazka: «Estrategia berriak behar bezala funtzionatzen badu ere, indarkeria ekintza hilgarriak ez dituzte etengo, beraz, onartu behar dugu irakiar eta estatubatuar gehiago hilko direla».
«Irakeko segurtasuna» bermatzearen truke, hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio Bushek Irakeko lehen ministro Nuri al Malikiri. Hark hitzeman dio argi berdea emango diela soldadu estatubatuar eta irakiarrei indarkeria amaitzeko oztoporik izan ez dezaten. Bagdadek beharrezkotzat jo du AEBen estrategia berria, «egonkortasuna eta segurtasuna bermatzea duelako helburu». Horiek hala, Gobernua bermatu asmoz, Irakeko presidente ohi Saddam Husseinen Baath alderdiko kideei kargu publikoak hartzea debekatzen dien legea gainbegiratuko duela iragarri du lehen ministroak. Ondo bidean, okupazio indarrek Irakeko segurtasun indarren esku utziko dute azaroan herrialdeko segurtasuna. Dena den, AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek ohartarazi du Al Maliki «luzapenean» dagoela.
Errepublikano gehienek sostengua agertu diote Bushen planari. John McCain senataria bat etorri da harekin esanez erretiratzea okerragoa litzatekeela. «Gure buruzagiak gure soldaduak gerrara bidaltzen baditu, Kongresuak argi berdea eman behar die tropei. Haien balentzako dirua ez ematea lotsagarria da, eta heriotza ekarriko du», salatu du Gordon Smith errepublikanoak. Chuck Hagel senatari errepublikanoak ez du iritzi bera: «Presidenteak atzerri politika arriskutsuena bultzatzen du. Vietnamez geroztik egindako akatsik handiena izango da indarrean jartzen bada».
Nazioartean ere denetariko iritziak eragin ditu Washingtonen egitasmoak. Erresuma Batuak, AEBen betiko aliatuak, txalotu egin du plana, esanez Irakeko segurtasun ezari aurre egitera konprometituta daudela erakusten duela. Jordaniako Anaia Musulmanak Mugimenduko buru Salem al Falahaten arabera, aldiz, Irakeko tranpatik atera nahi badute ere, soldadu gehiago bidaliz zuloan sakonago sartzea besterik ez dute lortuko.
Bitartean, gutxienez 24 pertsona hil ziren atzo hainbat eraso eta borroketan. Horretaz gain, Husseinek utzitako aulkian eseri zuten Ali Kimikaria ezizenez ezaguna den Ali Hasan Al Maid, Anfal operazioaren barruan 30 kurdu exekutatzeko agintzea leporatzen diote.
Beste 92.000 militar AEBetako armadarako
Pentagonoko buruaren iritziz, erretserbak handitu behar dira nazioarteko gatazkei aurre egitekoa. e.
Gaur egun 202.000 marine eta 547.000 soldaduk osatzen dute AEB Ameriketako Estatu Batuetako armada. Baina Pentagonoko buru Robert Gatesen iritziz, hori ez da nahikoa, eta ondo bidean,92.000 militar gehiago behar dituzte, nazioarteko gatazkei aurre egiteko. «Horiekin borrokarako gaitasuna ere handitu egingo dugu». Proposamena datozen egunetan AEBetako presidente George Bushi aurkeztuko dio Pentagonoko buruak.
Gatesek bost urteko epea jarri du armada zabaltzeko. Orotara 65.000 soldadu eta 27.000 marine izango dira. Hala ere, Pentagonoko buruak nabarmendu du militarrek denbora beharko dutela beren buruak trebatzeko, borrokarako prest egoteko. Era berean, ohartarazi du ez dagoela argi zenbat luzatuko diren Bushek Irakerako dituen asmoak, eta beraz, erretserbak handitzea beharrezkoa dela.
ERREKRUTATZEKO ARAZOAK.Iraken okupazioa dela eta, gero eta gehiago dira Bushen gerra politika onartzen ez duten herritarrak. Horiek hala, egun, zailtasun handiak ditu Washingtonek soldadu berriak errekrutatzeko. Garai batean, derrigorrezkoa zuten estatubatuarrek soldaduska egitea, baina egun egoera oso bestelakoa da. Maiz beste irtenbiderik ez dutenak -immigranteak gehienetan- izaten dira armadan izen ematen dutenak.
Bestalde, 2003. urteko martxoan, AEBetako armada Iraken sartu zenetik 3.000 estatubatuarretik gora hil izanak ez die gehiegi laguntzen Gatesen asmoei. Militar kopurua handitzeko bost urteko epea duten arren, Irakera joateko aukera ez da oso erakargarria gehienentzat, beraz ikusteko dago lortuko duten.