Akordio «etsigarria» ekologistentzat

Gas isurketen auzia eztabaidatzen jarraitzea hitzartu du G8ak goi bileran, neurri zehatzik hartu gabe

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
G8koek ez dute hitzarmen historikorik egin klima aldaketari buruz, Angela Merkelek iragarri bezala. Alemaniako kantzilerrak ez ditu AEBak konbentzitu: berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko eperik ez dute jarri. Nazio Batuen Erakundearen babesean gaia serioski aztertzen jarraitzeko konpromisoa da herrialde aberatsenek hitzartzea lortu dutena. Hori izan da «hitzarmen arrakastatsua», Merkelen hitzetan. Ekologistentzat, baina, «etsigarria eta irrigarria» da Alemaniako goi bileran erabakitakoa. «Akordio bat zenbakirik eta eperik gabe ez da akordio bat, eta are gutxiago akordio arrakastatsua», Jorg Feddern Greenpeaceko klima adituarentzat.

2050erako gas isurketen erdia murrizteko Merkelek egindako proposamenak aurrera ez egiteko oztopo nagusia George BushAEBetako presidentea izan da. Abenduan, Indonesian, NBEak klima aldaketari buruz egingo du konferentzia, eta eztabaidarako gunea hori izatea erabaki dute, hala ere. Bushek gehien kutsatzen duten 15 herrialdeen artean ezarri nahi zituen baldintzak, NBEri protagonismoa eman gabe. CO2ari buruzko erabakiak 2009ra arte atzeratzeko aukera ere barneratu dute, dena den, hitzarmenean, Bushek nahi bezala.

Ekologistak izan dira, itxuraz behintzat, Heiligendammeko hitzarmenarekin gustura geratu ez diren bakarrak. G8ak atzo munduari eskainitako akordioa edukiz hutsa dagoen adierazpen politikoa besterik ez da. Hori uste dute Greenpeaceko Jorg Feddernek eta NABU talde ekologistako Leif Millerrek. Feddernentzat «gutxi baino gutxiago» da lortutakoa, eta Millerrentzat «ez da inolaz ere nazioarteko beharretara egokitzen den akordioa». Erabakia atzeratzea besterik ez dutela egin esan dute.



ABENDURAKO ATZERATUA. Herri aberatsenetako Ingurumeneko ministroek Indonesian negoziatzen hasteko bidea erraztu dutela esan du Angela Merkelek, eta garapen bidean dauden herri garrantzitsuenek ere (G5) berotegi efektuaren inguruan konpromisoak har ditzaten saiatuko direla. Txina, India, Mexiko, Brasil eta Hegoafrika dira herri horiek. Hain zuzen, G8ak eta G5ek gaur egingo dute bilera horri buruz hitz egiteko eta aurrera begira urratsak egiteko.

Merkelek atzoko bileraren ostean onartu zuen «oso zaila» izango dela 2050erako gas kutsatzaileen kopurua %50 jaistea, alemaniar buruzagiaren helburua hori bazen ere, baina pozik dago Japoniak, Errusiak eta Kanadak bat egin dutelako Europako herrialdeek ezarritako kopuruekin. Bush ez dago prest murrizketa horiek ezartzeko, hala ere, Txinak eta Indiak bide bera hartzen ez badute. Bi herri horiek, ordea, garapen bidean dira, eta egungo egoeraren erantzuleak ez dira haiek, diotenez.



ATXILOKETAK. Munduko buruzagi boteretsuenak eztabaidan dauden bitartean, Poliziaren hesiaz beste aldera protestak egiten ari dira egunotan milaka pertsona. Hesiak apurtezina dirudi, baina atzo, Greenpeaceko kideek hamar minutuz segurtasun neurriak gainditzea lortu zuten. Bilerak egiten dituzten bainuetxetik 200 metrora iristea lortu zuten txalupaz, eta atzetik izan zituzten makina polizia harrapatu zituzten arte. 21 lagun atxilotu zituzten.

Hesia gainditu ezin izan zuten gainerako milakakoek bainuetxerako errepide guztiak blokatu zituzten protesta gisara. Hesira gehiegi gerturatzen zirenean urez erantzun zuten poliziek, baina atzo ez zen istilu handirik izan. Protestan ari zirenek eserita eta bake giroan egin zituzten euren aldarrikapenak. Gero,, Rostock hirian globalizazioaren kontrako kontzertura abiatu ziren horietako asko. 70.000 pertsona espero zituzten U2ko Bonok, Bob Geldofek eta Herbert Gronemayerrek gidatutako kontzertuan.

Rostockeko portuan, hain zuzen, goi bilerak iraun bitartean ekitaldi alternatiboak egin dituzte globalizazioaren kontrako taldeek, eta bateratutako adierazpenik egin ez badute ere, «arrakastatsua» izan dela diote antolatzaileek. Hiru egunetan 40 herrialdetako 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte. Klima aldaketa, hezkuntza, militarizazioa eta immigrazioa izan dira, besteak beste, eztabaidatu dituzten gaiak.

Amaiera ekitaldia Vandama Shivak eman zuen atzo, Nobel Alternatiboaren saridunak. Eskatu zuen jendeak parte aktiboa har dezan ingurumenaren inguruan. Sistema ekonomikoak errotik aldatu behar duela ere esan zuen.

Gaur, berriz, Heiligendammeko errepideak ez dituztela oztopatuko iragarri dute. Agintariek handik lasai alde egin ahal izango dute, baina antolatzaileen arabera, lehen egunean lortu zuten nahi zutena: herrialde aberatsenetako ordezkariek jendetzaren hesia sentitzea, urrunetik bada ere.



Misilen aurkako ezkutua elkarrekin egitea proposatu dio Putinek Bushi

Radar berria eraiki ordez, Moskuk Azerbaijanen duena erabiltzeko aukera eskaini die Errusiak AEBei
arantxa elizegi

Ez bata, ez bestea. Tarteko bidea, baizik. Horrexegatik proposatu dio AEBetako presidenteari misilen aurkako ezkutua elkarrekin eraikitzea. Washingtonen hasierako asmoa zen Txekian radar sistema bat eraikitzea, eta Polonian misil jaurtigailuak. Sistema, berez, Iranen balizko erasoari aurre egiteko legoke prestatua. Baina ezkutua Errusiatik horren gertu egoteak Vladimir Putin presidentearen kezka, eta hein handi batean, haserrea eragin ditu. Horregatik, hark proposatu dio Bushi Txekian radar berri bat egin beharrean, Errusiak Azerbaijanen alokairuan duena elkarrekin erabiltzea. Alemanian, Heiligendammeko bainuetxean, G8koak egiten ari diren bileran egin dio proposamena.

Ordubete egin dute elkarrekin bi buruzagiek. Eta biak ala biak, gustura irten dira. «Elkarrizketa estrategikoa izan dugu biok. Gai serioa da hau», adierazi du Bushek. Ez da gutxiagorako, Putinek ohartarazi baitio Bushi, AEBen hasierako egitasmoa abian jarriz gero, misilak Europara begira jarriko dituela.

Aldiz, Washingtonek Putinen azken proposamena onartuz gero, Moskuk ez du zertan mehatxua bete. «Horrek posible egingo du gure misilak aldatu beharrik ez izatea. Aldi berean, elkarlanean aritzera derrigortuak egongo ginateke», azaldu du Putinek. Era berean, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek zehaztu du Azerbaijango radarra erabiltzea onartuz gero, Poloniak eta Txekiak ez dutela proiektuan zertan parte hartu. Putinek azaldu duenez, sistema horrek AEBez gain, Errusia eta Europa osoa ere babestuko luke. Aldi berean, ordea, nabarmendu du, eta Iranek oraingoz misilik ez duenez, ez duela beharrezkoa ikusten misil jaurtigailurik.



ELKARLANA. Dena den, uztailaren 1ean Putin George Bush egungo presidentearen aitaren etxera joaten denean aztertuko dute gaia sakonago. Horretaz gain, auzia aztertzeko talde berezi bat osatzea ere erabaki dute. Bi herrialdeetako Defentsa ministroek, Estatu idazkariek eta Atzerri ministroek osatuko dute taldea, eta datozen asteetan bilduko dira. Hala ere, AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulari Stephen Hadleyk aurrerapauso baikortzat jo du Errusiaren proposamena, eta adituen esku utziko dutela azaldu du.

Duela bost urte, 2002ko urtarrilaren 25ean, hitzartu zuten Putinek eta Azerbaijango orduko presidente Heidar Aliyevek Gabalako base militarreko radarra Errusiak kontrolatuko zuela. Aparatua 1984an eraiki zuten, 6.000 kilometroko distantziara jaurtitako misilak detektatzeko, eta AEBetako gerraontzi, urpeko ontzi edo hegazkinei haien berri emateko gai da. Horretaz gain, misila noiz eta non eroriko den ere iragartzen du radarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.