Joan den astean adostu zutenbrexit-erako zirriborro "teknikoa" Erresuma Batuak eta Europako Batasunak. Gaur, berriz, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak jakinarazi du akordio politiko bat ere lortu dutela, brexit-a ofizialki gauzatu ondoren izan beharko luketen harremanari buruz: "Negoziatzaileen mailan egin dute akordioa, eta maila politikoan adostu".
Orain, aurrerantzean ere EBko kide izango diren estatuetako gobernuei igorri diete dokumentua, eta igandean onartu nahi dute. Izan ere, brexit-aren inguruko goi bilera dute EBko agintariek, eta hor onartu behar dituzte bi akordioak.
Finantial Times egunkariak aurreratu du gaurko akordioaren edukia. Hedabide horren arabera, 26 orrialdeko dokumentu horretan jasotzen da lankidetza "estu, zabal, sakon eta malgua" izan nahi dutela bi aldeek brexit-a gauzatu ondoren ere. Zirriborroak dakarrenez, bi aldeek errespetatu beharko dute harreman horren "sakontasuna", baina "aitortu behar dute hori alda daitekeela denboran zehar". "Guztiaren gainetik, Erresuma Batuko eta EBko herritarren interesen alde egin behar duen harreman bat izan behar du".
Brexit-a gauzatzeko neurri batzuk negoziatzeko daude oraindik. Alde "tekniko" horien gainetik, ordea, zirriborro politikoak indar berezia jartzen duErresuma Batuaren "burujabetza" eta EBren merkatu bakarraren "batasuna" errespetatu beharrean, Finantial Times-en arabera. Gainera, zehaztu dutenez, bi aldeek goi mailako bilkura bat egin beharko dute gutxienez sei hilabetean behin, Erresuma Batua EBtik atera eta gero.
Igandeko goi bileraren ondoren, parlamentuetan onartu beharko dituzte akordioak. Ofizialki, martxoaren 30ean utziko du EB Erresuma Batuak, eta trantsizio aldi bat hasiko da orduan, printzipioz, 2020ko abenduaren 31ra artekoa. Ordurako, xehetasun gehiago ere adostu beharko dituzte bi aldeek, arlo komertzialean, esaterako. Trantsizio epea luzatzeko aukera ere badute —behin bakarrik—, betiere bi aldeek adostuta.
Sturgeon, "mespretxuaz" kexu
Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeon ere mintzatu da brexit-aren inguruan; zehatzago, prozesu horrek guztiak Eskoziari ekarri dionari buruz. "Brexit-aren kaos honen erdian, gauza bat dago argi: Eskoziari independente ez izateak dakarkion kostua". Izan ere, Sturgeonen iritziz, "Irlandako Errepublikak babesa baino ez diote eman EBko kideek, baina Eskozia mespretxuz tratatu du Erresuma Batuko Gobernuak".
Brexit-a berriz negoziatzearen eta EBren merkatu bakarrean geratzearen alde dago Sturgeon, eta Alderdi Kontserbadoreari ohartarazi dio ez direla gai brexit-ak "epe luzera izango duen kostuaz ohartzeko".