KATALUNIA

Akordioa lortu dute JxCk eta ERCk

Diputatu kargugabetuen boto delegazioari buruzko formalismo batek eragin du ezadostasuna, baina konpondu dira bi indar subiranista nagusiak, ia hiru orduko bilera baten ondoren.

Parlamentuko hemizikloa hutsik, gaur goizean. TONI ALBIR / EFE
Igor Susaeta.
2018ko urriaren 4a
07:01
Entzun

ERCk erabilitako formula erabiliko du JXCk ere, bere diputatu kargugabetuen eskubide politikoak beren talde parlamentarioko beste diputatu batek gauzatu ditzan. Hau da, Carles Puigdemontek, Josep Rullek, Jordi Turullek eta Jordi Sanchezek idatzi bana bidali beharko dute parlamentura, haien ordez JxCko beste diputatu batek botatu dezala eskatuz. Hain zuzen, formalismo horrek eragin du ezadostasuna goizean, eta krisia eragin du Generalitateko bi bazkideen artean. Hamaikagarren aldiz ikusi ahal izan da bien arteko harremanak ez direla onak

Ia hiru ordu iraun du urgentziazko bilerak, eta Torra presidentearekin (JxC) eta Aragones presidenteordearekin batera (ERC), JxCko Artadi, Costa, Batet eta Pujol bildu dira; eta ERCko Maragall, Sabria eta Torrent

12:00etan zen hastekoa politika orokorrari buruzko osoko bilkuraren azken saioa, eta ondoren ziren bozkatzekoak talde parlamentarioek azkeneko bi egunetan planteatutako ebazpen proposamenak. Oraindik ez da hasi saioa, baina gaur iluntzean egitekoak dira. Parlamentuko legelariek adierazi dute bi indar subiranista nagusiek lortutako akordioak ez dituela JxCk aurkeztutako dokumentazioaren "akatsak konpontzen", baina Mahaiak aurrera jarraitzea erabaki du. Letradunen iritzia ez da loteslea, ordea.

Parlamentuko Mahaiaren bilera deituta zegoen goizean, eta JxCk idazki bat aurkeztu du, jakinarazteko Albert Batet diputatuak jarraituko duela bozkatzen Puigdemont, Turull, Rull eta Sanchez diputatu kargugabetuen izenean. Baina Roger Torrent (ERC) Parlamentuko presidenteak ez du dokumentua ontzat hartu. Bi indar subiranista nagusiek adostu eta herenegun Legebiltzarrak onartutako ebazpenaren arabera, prozesu subiranistaren harirako kausa judiziala dela medio Auzitegi Gorenak kargugabetutako sei parlamentariek beste diputatu bat izendatu behar dute haien izenean aritzeko. ERCk hala egin zuen herenegun, eta Oriol Junquerasek eta Raul Romevak egin zuten tramitea. Sergi Sabria arituko da haien izenean.

Batetek aurkeztutako idazkian, maiatzean boto delegaziorako egindako tramitazioa gehitu du. Kataluniako zenbait hedabidek iturri parlamentarioak aipatuz diotenez, Torrentek adierazi dio JxCri Puigdemontek, Turullek, Rullek eta Sanchezek banakako dokumentuak aurkeztu behar dituztela. Iturri horien beraien arabera, ganberako letradunek ohartarazi dute, gainera, hala egiten ez bazuten haien botoak ezingo direla ontzat hartu.

Eta boto horiek gabe, subiranismoak ez du gehiengorik ganberan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.