Urdina eta Zuria koalizioko buru Benny Gantzek eta Likudeko Benjamin Netanyahuk akordiorik gabe amaitu dute gobernu bateratu bat osatzeko negoziazio saiakera. Astelehen gauerdira arteko epea zuten, baina luzapen bat eskatu zioten Reven Rivlin presidenteari. Beste 48 ordu eman zizkien Rivlinek herrialdeko blokeo politikoa gainditzeko, baina horiek ere igaro dira, eta emaitzarik ez.
Israelen hiru hauteskunde egin dituzte urte bete baino gutxiagoan, eta laugarrenak ere gertu ikusten dira. Rivlin presidenteak adierazi zuen Gantzen eta Netanyahuren elkarrizketek porrot eginez gero parlamentuaren esku utziko zuela beharrezko 61 diputatuen babesa lortzeko gai den hautagai bat aukeratzea. Gaur bidali dio eskaera gutuna Parlamentuko presidenteari, Gantz berari: «Aurtengo hirugarren aukeraketa da jarraian, diputatu batek Knesetaren konfidantza eskuratzea lortu gabe. Presidente gisa, nire betebeharra da Israelen gobernu bat osatzeko ekitea, ahal bezain azkar».
Gauzak horrela, 21 egun izango dituzte lehen ministroa aukeratzeko. Beraz, Urdina eta Zuria koalizioak eta Likudek badute negoziatzen jarraitzeko tartea. Netanyahu da beharrezko boto kopurutik gertuen dagoen hautagaia. Haren alderdiak eta haren ohiko bazkideek 58 eserleku dituzte, eta Guesher alderdiko diputatu baten babesa ere izango luke. Gobernuan sartzeko Gantzen aukerak murrizten ditu horrek, baina ez desagerrarazi, beste bi boto behar baititu lehen ministroak karguan jarraitzeko. Horren ordez, ordea, oposizioko kide gutxi batzuen babesa bila dezake Netanyahuk.
Netanyahuren ustelkeria kasuak
Gantzek Netanyahuren ustelkeria salatu zuen azken hauteskunde kanpainan, eta harekin negoziatzea baztertu. Azken asteetan, ordea, koronabirusak eragindako osasun krisia erabili du iritziz aldatzeko argudio gisa. Likudek ere pauso garrantzitsua eman zuen bide horretan, parlamentuko presidentetzarako Gantzen hautagaia babestuta.
Aurreko astean, hamalau eguneko luzapena eskatu zuen Gantzek elkarrizketekin jarraitu ahal izateko, baina presidenteak baztertu egin zuen aukera hura. Erlojuaren aurka negoziatzen aritu dira ordutik. Astelehenean bildu ziren bi hautagaiak, lehen epea amaitu aurretik, eta batera eskatu zuten luzapena. Astearte goizean eta asteazken iluntzean elkartu ziren berriz ere —tartean, Pessah ospakizunak eten zituen elkarrizketak—, baina berandu jada.
Akordioa gertu zela zirudien. Lehen ministro kargua txandakatzea adostu zuten bi aldeek, baina Justiziako Izendapenen Batzordeko kideen aukeraketak urrundu ditu bi aldeak. Horri beste arazo bat gehitu zaio. Netanyahuk berme bat nahi du Israelgo Auzitegi Gorenak ez dezan haren kargu hartzearen aurka egin, haren aurkako ustelkeria kasuengatik. Epaiketa martxoan zen hastekoa, baina maiatzera atzeratu dute, koronabirusaren krisiaren eraginez.
Oraingoz, beraz, 2018tik jardunean den Netanyahuren gobernuak jarraituko du karguan, eta, akordiorik ezean, berriz ere bozak egin beharko dituzte, laugarrenez. Iazko apirilean egin zituzten lehenak, eta irailean, eta aurtengo martxoan errepikatu zituzten.