Nazmi Gur. BDPko parlamentaria

«AKP eta Erdogan daude krimen honen atzean»

2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Kurduen eskubideen alde politikan lanean diharduten 130 lagunen atxiloketa «krimena» izan dela uste du Nazmi Gur BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi Kurduko parlamentariak. Erabaki juridikoa baino gehiago politikoa izan dela dio, eta AKP Justizia eta Garapenerako alderdia jo du gertakariaren erantzule.

Zein da atxiloketen inguruan BDPk egin duen hausnarketa?

Gaur gertatu denak ez dauka zerikusirik justiziarekin, operazio politiko onartezina izan da, kurduen eta horien ordezkari politikoen aurka eginiko krimena, hain justu. Badakigu, gainera, krimen honen atzean boterean dagoen AKP eta Recep Tayiip Erdogan lehen ministroa bera daudela. Goizean, Ankaratik Istanbulera, sei hiritan, nire alderdiko 130 kide errespetagarri atxilotu dituzte. Politikan kurduen eskubideen alde buru-belarri aritzen ziren lagunak dira justiziaren aurrera eraman dituztenak.

Zertara dator eraso hau une honetan?

BDPrentzat mezua izan dela uste dut. Gure alderdiak, kartzelan dauden parlamentariak askatzeko eta errepresioarekin amaitzeko egin dugun boikotaren ondoren etorri da. Asteburuan, hain zuzen, boikota amaitu eta Legebiltzarrera itzuli gara, eta hauxe izan da AKPren erantzuna.

Gertakari honek armadaren etaPKKren arteko borrokak indartu ditzake?

AKPren jarrera oldarkor eta antidemokratikoak ez du bake bidean laguntzen, eta ziurrenik krimen honek isla izango du, zoritxarrez, borroka armatuan. Izan ere, indarkeria handitzea besterik ez dakarte horrelako erabakiek.

Zein neurri hartuko dituzue?

Oraindik ez dugu denborarik izan gertakariaren aurrean egingo dugunaz sakon hitz egiteko, baina hemendik astebetera manifestazio erraldoia egingo dugu. Kalera aterako gara atxiloketa bidegabeak behin betiko amaitzea exijitzeko.

Martxoan hautsi zuen PKK-k su-etena, Ankarak urratsik egin ez zuela argudiatuta. Bake prozesu berri bat abiarazteko borondaterik badagoela uste duzu?

Gobernuak ez du inolako borondaterik erakutsi, bake prozesua baztertu eta errepresioaren bidea hautatu baitu. Bihar bertan [gaur] armadari edozein unetan Turkiatik kanpo operazioak egiteko eskubidea ematen dion proposamena aurkeztuko du AKPk Legebiltzarrean. Errepresio bidez amaitu nahi dute kurduekin, baina erresistentzia ere geroz eta handiagoa izango da.

Boikota amaitu duzue, baina BDPko bost legebiltzarkide kartzelan daude, oraindik.

Hala da. Guztira zortzi legebiltzarkide daude kartzelan, horietatik bost gure alderdikoak. Gaur horiek askatzeko exijitu dugu Legebiltzarrean, izan ere, konstituzioa urratzen baitu horiek preso izateak. AKPk, baina, ez dauka horiek aske uzteko urratsak emateko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.