"Zoritxarrez, 298 pertsona zeramatzan hegazkin zibil hori eraso terrorista baten biktima izan zen, Errusiak lagundutako gerrillariek Ukraina ekialdean okupatzen duten eremutik egindakoa", adierazi du Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak. Bere webgunean bideo bat argitaratu du Malaysia Airlines konpainiako MH17 hegaldiko tragediaren urteurrenaren harira. Poroxenkoren ustez, "krimen" hura "mehatxu bat da nazioarte osoarentzat", eta Errusiari leporatu dio matxinoei eman izana ustez hegazkina botatzeko erabili zuten "goi teknologiako armamentua".
Tragedia gertatu eta urtebetera, alde guztiek, baita nazioartean ere, onartzen duten gauza bakarra da hegazkina bota egin zutela, Ukraina gurutzatzen ari zenean Herbehereetatik Malaysiarako bidean. Biktima gehienek Herbehereetako herritartasuna zuten, eta gobernu horrek hasi zuen ikerketa ofiziala. Irailean argitaratutako ondorio batzuetan, ikerketa taldeak adierazi zuen «energia handiko objektu batzuek» jota erori zela hegazkina. Urtebetera, oraindik ez du ikerketa bukatu.
Matxinoek kontrolatutako eremu batean erori ziren hegazkinaren zatiak, Hrabove herriaren inguruan, Donetsk probintzian. Donetskeko Herri Errepublikak (matxinoek aldarrikatutako estatuak) biktimei Hraboven egin die omenaldia gaur. Matxinoek Kievi leporatzen diote tragediaren erantzukizuna. "Krimen izugarria gertatu zen unetik hura argitzeko Donetskeko Herri Errepublikak ahal zuen laguntza guztia eman du", adierazi du Aleksandr Zakhartxenko herri errepublikako buruzagiak. "Eta orain ere prest gaude egia bilatzen dutenei laguntzeko, tragedia hau gertatzen utzi zuten agintari ukrainarrak zigor ditzaten".