Siriaren barne arazoetan modu traketsean esku hartzea eta haren subiranotasuna urratzea egotzi dio Damaskok Arabiar Ligari, eta baztertu egin du Baxar al-Assad presidenteak agintea utzi eta batasun nazionaleko gobernu bat eratzea. Halaber, Arabiar Ligaren ekimenak Sirian bertan konponbidea bilatzeko elkarrizketa nazional bat eratzea oztopatzen duela esan du Jusef Ahmadek, Siriak Arabiar Ligan duen ordezkariak: «Kanpotik Siriaren barne arazoetan esku hartzeko bidea erraztu nahi du Arabiar Ligak».
Igandean, Baxar al-Assadi Siriako presidentetza uzteko eskatu zion Arabiar Ligak; uzteko agintea presidenteordearen esku eta hauteskundeak egin arte batasun nazionaleko gobernua eratzeko. Irteera yemendarra ere deitu diote aukera horri,Golkoko Kontseiluko herrialdeek proposamen bertsua egin baitzioten Yemeni, eta horren ondoren utzi zuen agintea Ali Abdullah Saleh presidenteak.
Arabiar Ligak Sirian izan dituen behatzaileen azken txostena aztertu ondoren eskatu zion Al-Assadi agintea uzteko. Bi hilabeteko epean gobernu berria eratu, eta Al-Assadek agintea utzi ostean hauteskundeak egin arteko prozesua «kontsentsuko pertsona batek» gidatzea proposatu dute, egungo presidenteordeak lagunduta. Aurrez, plana onartu eta bi astera, erregimenaren aldekoen eta oposizioaren arteko elkarrizketak abiatzea ere aurreikusten du.
Plan horrek, Siriaren subiranotasuna bortxatzeaz gain, Arabiar Ligaren beraren estatutuak ere nabarmen urratzen dituela salatu du Damaskok. Kairon bildu diren Arabiar Ligako ministroen «adierazpen probokatzaileak» ere gaitzetsi ditu Siriak. Horrek erakusten du, Damaskoren arabera, Siriako herriaren segurtasunari kalte egiteko plan batekin lotura dutela.
Arabiar Ligaren proposamena Siriako herriaren aurkakoa dela nabarmendu dute Siriako Gobernuko iturri ofizialek: «Ez dute eragotziko abian ditugun aldaketa politikoekin aurrera jarraitzea, eta krisi garaian nazioaren batasuna babestu duten herritarrei segurtasuna eta egonkortasuna ekartzea».
Siriako oposizioa, pozik
Siriako Kontseilu Nazionalak, erbesteko oposizioko erakunde nagusiak, gogo onez hartu du Arabiar Ligaren proposamena. Burhan Galiun kontseiluko presidenteak Kairon bertan nabarmendu zuen plan horrek erakusten duela «siriar herriaren borrokak arabiar munduan eta nazioartean izan duen eragina».
Arabiar Ligaren plana txalotu arren, Al-Assadek agintea utzi arte erregimenaren aldekoekin negoziatzea ez dutela onartuko erantsi du Galiunek: «Gaur, ezein siriarrek ezingo luke bere herriaren hiltzailearekin negoziatu. Al-Assad erreta dago». Halaber, arabiar herrialdeek onartutako edozein planek NBEren Segurtasun Kontseiluaren babesa beharko lukeela erantsi du Siriako Kontseilu Nazionaleko presidenteak. Arabiar Ligak jada iragarri du hala izan dadin eskatuko duela.
Bruselak zigorrak gogortu ditu
Europako Batasunak Siriaren aurkako zigorrak neurri gehiago onartu zituen atzo. 27 herrialdeetako Atzerri ministroek hitzartu dute Al-Assaden gobernuarekin lotutako zortzi erakunderen eta 22 pertsonaren funtsak blokeatzea, eta horiei guztiei Europako Batasuneko herrialdeetan sartzea galaraztea. Errepresioak iraun bitartean zigor neurriei eutsiko diela iragarri du Bruselak. Zerrenda beltzean Siriako27 konpainia eta 96 pertsona dauzka dagoeneko.
Halaber, Arabiar Ligak Siriarako marraztu duen errepide mapa egokitzat jo du Catherine Ahston Europako Batasuneko diplomazia buruak. Errusia eta Txina aurka agertu direlako ez du oraindik Siriaren aurkako neurririk onartu Segurtasun Kontseiluak.
Iran eta Siria nazioartearen jomugan
Al-Assad agintetik kentzeko plana errefusatu egin du Siriak
Kanpotik herrialdearen barne arazoetan esku hartzea erraztu du Arabiar Ligak, Damaskoren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu