Elkarrizketa politikoa martxan jartzeko prest agertu da Baxar al-Assad Siriako presidentea Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari bereziarekin egin duen bileran. Gobernuak nahiz oposizioak etengabe urratu duten bake planarekiko konpromisoa berretsi dio Al-Assadek mandatariari, eta honek aitortu du elkarrizketa «konstruktiboa» izan dela.
NBEk eta Arabiar Ligak gatazka konpontzeko ordezkari izendatu zutenetik Annanek herrialdera egin duen hirugarren bisita izan zen atzokoa. Bake planak porrot egin ostean Siriarako Ekintza Taldearekin adostutako proposamenaz aritu direla jakinarazi dute gobernukoiturriek. Alegia, egungo agintariekin eta oposizioko kideekin trantsizioa bideratzeko gobernu bat eratzeko proposamena egin dio Annanek. Siriarako Ekintza Taldeak Suitzan egindako bilera prozesu politikoa eta elkarrizketak abiarazteko aurrerapausoa izan zela aitortu dute biek. Apirilaren 12an indarrean sartu zen su-etena errespetatzeko ere eskatu dio NBEren eta Arabiar Ligaren mandatariak Al-Assadi.
Siriako presidentearekin bildu ondoren, Annanek Iranera jo du, babes bila. Damaskok duen aliatu bakarrenetakoa da Teheran, eta Annanek behin baino gehiagotan adierazi du Iranek ere gatazkaren irtenbidean parte hartu behar duela. Besteak beste, Siriarako Ekintza Taldeak hartutako erabakiak azaltzeko asmoz egin du Annanek Teheranera bisita.
Libia gogoan
Errusiako presidente Vladimir Putinek, berriz, Libian gertatutakoa saihestu behar dela errepikatu du. Libian jazotakoa «tragikoa» izan zela esan du Putinek. Siriako gatazkan herrialde batzuk munduan duten nagusitasunari eustea besterik ez dutela pentsatzen salatu du, AEBak gogoan zituela.
Moskuk irtenbide politikoaren alde egin du. «Kanpotik indarrez sartzea baino zailagoa da hori, baina eskualdean egonkortasuna bermatzeko modu bakarra da».
Al-Assad Siriarako elkarrizketa politikoaren alde azaldu da
Annanek aitortu du elkarrizketa konstruktiboa izan duela Siriako presidentearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu