Hirugarrenez Siriako presidentetzara aurkeztu da Baxar al-Assad, eta, lehen aldiz hauteskundeetan lehiakideak izan dituen arren —Maher al-Haijar komunista eta Hassan Abdullah al-Nuri ministro ohia—, garaile izan da, espero zen bezala. Hala jakinarazi du Mohamed al-Laham Parlamentuko presidenteak. Al-Haijarrek %3,2ko babesa jaso du; Al-Nurik, %4,3koa.
Emaitzaren berri izan ondoren, ehunka lagun Damaskoko kaleetara atera dira Al-Assaden garaipena ospatzera.
Nazioartean onarpen murritza lortu dute Siriako hauteskundeek. NBEk eta Arabiar Ligak kritikatu egin dituzte, ezin daitezkeela egoki antolatu argudiatuta. Mendebaldeak eta hark Ekialde Hurbilean dauzkan aliatuek ere ez dituzte kontuan hartuko. Errusia eta Iran izanen dira bozen bermatzaile nagusiak.
Baina, zailtasunak zailtasun, Al-Assad betetzen ari da 2011. urtean gerraren hasieran aurkeztu zuen bide orria. Konstituzioaren erreferendumera deitu zuen —2012ko otsaila—, parlamenturako hauteskundeetara ondoren —2012ko maiatza—, eta, prozesua amaitzeko, presidentetzarakoetara.