Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko bitartekaria Baxar al-Assad Siriako presidentearekin bildu da gaur, Damaskon, herrialdeko krisiari irtenbideren bat aurkitzen hasteko asmoz, eta Al-Assadek esan dio "kaosa eragiten duten talde terrorista armatuak dauden bitartean elkarrizketa politiko orok" ez duela arrakastarik izango.
Gaur heldu da Annan Siriara, eta berehala batzartu da bertako buruarekin. Sana herrialdeko berri agentziaren arabera, bilerako "giroa ona" izan da.
Nazio Batuek esana dutenez, Siriako errepresioak azkeneko urtebetean zazpi mila bat lagun hil ditu. Gaur bertan beste 31 pertsona hil ditu, oposizioaren arabera.
Siriak astelehenean onartu zuen Annan NBEko idazkari nagusi ohia bitartekari moduan, erakunde horrek eta Arabiar Ligak proposatuta. Biok otsailaren 24an izendatu zuten hura Sirian "konponbide politiko bat" lortzeko ordezkari berezi. Nazio Batuek diote "alde guztiekin" hitz egingo dutela: Sirian daudenekin eta herrialdetik kanpo daudenekin.
Annanek lehengo astean esan zuen "Siriako krisiari aurre egiteko ahots bakar eta indartsu baten beharra" dagoela, eta al-Assad Siriako presidenteari eskatuko diola bitartekaritza prozesuarekin konprometi dadila.
1997tik 2006ra bitartean izan zen NBEko idazkari nagusi. Aurrez, kargu gehiago izan zituen NBE barruan, eta 1960ko hamarkadan, Munduko Osasun Erakundean. Bakearen Nobel saria eman zioten 2001ean. Iazko urrian, Donostiako Nazioarteko Konferentzian izan zen, eta Aieteko Adierazpena sinatu zuen.