Siriako Gobernuak nazioartearen kontrolpean utziko ditu arma kimikoak, Baxar al-Assad gobernuko presidenteak jakinarazi duenez. Rossia 24 telebista kateak elkarrizketatu du Al-Assad, eta bertan esan du "Errusiarengatik" utziko dituela arma kimikoak nazioartearen kontrolpean, "ez AEBen mehatxuen eraginez".
Errusiak aurkeztu zuen Siriako arma kimikoak nazioartearen kontrolpean uzteko proposamena, eta "harrera ona" egin zion proposamenari Siriak. Barack Obama AEBetako presidenteak ere aurrerapausotzat jo zuen aukera hori. "AEBen mehatxuek ez dute eraginik izan erabakian", esan du Al-Assadek. Izan ere, Obamak iragarri zuen Sirian eraso militar bat abiatzeko baimena eskatuko ziola AEBetako kongresuari, eta joan den astelehenean hasi zituen kongresuak opor osteko saioak.
Halaber, Al-Assadek iragarri duenez, beharrezkoak dituen agiriak bidaliko dizkio Nazio Batuen Erakundeari, arma kimikoen inguruko akordio bat lortzeko.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi du proposamen horrek balioa izango duela soilik AEBek Siriaren aurkako erasoari uko egiten badiote: "Zaila da herrialde bat, Siria edo beste edozein, aldebakarreko desarmatze batera behartzea haren kontra indar ekintza bat prestatzen ari badira".
Hain justu, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur eztabaidatuko dute nola gauzatu arma kimikoak nazioartearen kontrolpean uzteko plana.