Al-Assadek Siriako talde armatuei egotzi die konponbidea oztopatzea

Koffi Annan mandatari bereziak indarkeria bertan behera uzteko proposamenak jarri dizkio mahai gainean, eta «urratsak» eskatuArabiar Liga Errusiaren proposamenarekin joango da NBEren Segurtasun Kontseilura

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Orain arte Sirian izan diren bitartekari eta behatzaileek lortu ez dutena saiatu nahi du Koffi Annanek, Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak: Baxar al-Assad presidentea eta oposizioko sektoreak hitz egiten jartzea, gatazkari irtenbidea eman ahal izateko. 24 ordu dauzka horretarako. Iritsi berritan, Al-Assadekin izan da lehenik; ondoren gobernuaren aurkakoekin, eta gaur, herrialdea utzi aurretik, Al-Assadekin egongo da berriz. Presidentearekin lehen harremana «giro onean» gertatu da, baina hitz egiten hastea beste kontu bat da, elkarrizketa ezinezkoa iruditzen baitzaio Damaskori «talde terroristek eraso egiten jarraitzen duten bitartean». Horixe dio Al-Assaden aldeak.

Koffi Annanen iritzia, berriz,ohar baten bidez eman du Nazio Batuen Erakundeak. «Urrats konkretuak» eskatu dizkio mandatari bereziak presidenteari, eta «kezka izugarria» azaldu dio gertatzen denarekiko. Indarkeria eta hilketak amaitzeko hainbat proposamen mahai gainean ere jarri dizkio.

Annanek «modu justuan, inpartzialean eta independentean» lan egiteko konpromisoa azaldu dio Al-Assadi, eta hark Annani, herrialdean gertatzen dena ikertzea ezinbestekoa dela, ezertara iristeko. Al-Assad kexu da eskualdeko eta nazioarteko hainbat herrialde egoera «desitxuratzen» ari direlako, eta Sirian gertatzen denaren «oso bestelako irudia» ematen dutelako. Jokaera horrek amaitu behar du lehenik eta behin, Damaskoren ustez, edozein krisi konpontzeko ahaleginak arrakasta izango badu.

Sirian talde armatu asko dago, eta izua eragiten ari dira, presidenteak Annani jakinarazitakoa egia bada —oposizioa babesik gabe sentitzen da—, eta taldeenekintzak eten arte ezinezkoa da prozesuan ezeraurreratzea: «Prozesu edo elkarrizketa saio batek ezin du arrakastarik izan talde armatu terroristek kaosa sortzeko eta herrialdea desegonkortzeko lan egiten badute, zibilei eta militarrei eraso eginez, eta jabego publiko eta pribatuen kontra eginez».

Annanek, gobernuko ordezkariekin egoteaz gainera, NCC Koordinazio Nazionaleko Batzordearekin bilera egin du, aurretik Abdelaziz al-Jair erakundeko kideak esandakoaren arabera, baina ez dute ezeren berririk eman. NCCk Al-Assadekin hitz egitearen alde dagoen oposizioko zati bat ordezkatzen du, eta, Annanek bezala, atzerriko esku hartzearen kontrako jarrera du.

SNC Siriako Kontseilu Nazionala, berriz, ez dago gustura Annanek hartutako jarrerarekin, elkarrizketaren kontra baitago; are gehiago, nabarmendu du Annan Al-Assadekin hizketan egon den bitartean armadak herritarrei erasotzen jarraitu duela Idlib hirian batez ere, eta han soilik 45 lagun baino gehiago hil dituela; herrialde osoan 63, gutxienez, eta Al-Assad kargutik kentzeko eskatu du berriz ere.

Europako Batasuneko Atzerri ministroek ere euren jarrera erakutsi dute, eta «bitarteko guztiak» jarriko dituztela esan dute Annanen bitartekaritza eraginkorra izan dadin, baina uste dute denborak aurrera egin ahala arriskua dagoela egoerak txarrera egiteko eta gerra gaiztotzeko, eta, horregatik, Siriarentzat zigor gehiago prestatzen ari dira presio bide gisa.

Arabiar Liga, Errusiarekin

Siriatik kanpo ere diplomazia ahaleginak egiten ari dira irtenbidea topatzeko gatazkari, eta Errusiak Sergei Lavrov Atzerri ministroaren bidez lortu du Arabiar Liga bere proposamenera ekartzea; beste bide bati ateak zabaldu dizkio Segurtasun Kontseilura begira. Helburua da Nazio Batuen Erakundeko erabakigunean izan diren betoak gainditu eta egitasmo bat bideratu ahal izatea, eta horrez gainera Siria bera ere hitzarmenera ekartzea. «Egoera oso zaila da, eta Arabiar Ligak ezin ditu neurri gehiago ezarri. Txinarekin eta Errusiarekin Segurtasun Kontseilura joan gaitezke. Ezin dugu beste askorik egin». Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak eman du Lavrovekin Kairon egindako bileraren berri, eta «denbora gehiago galdu gabe zer edo zer» egin behar dela uste du.

Arabiar Ligak joan den otsailaren 4an egin zuen proposamenak ez zuen aurrera egin Segurtasun Kontseiluan, Txinaren eta Errusiaren betoa jaso zuelako. Izan ere, Baxar al-Assadek boterea presidenteordearengan uzteko eskatu zuen, eta hori Pekin eta Moskurentzat ez da bidezkoa.AEBek egindakoa ere atzera bota zuen Errusiak, Arabiar Ligaren proposamenak bezala alde bakarra egiten dutelako gertatzen denaren erantzule: Baxar al-Assad. Hari soilik eskatu diote amore eman dezala. Orain ikusi beharko da AEBek zer egiten duten Errusiaren egitasmoaren aurrean.

Errusiaren proposamenaren atalik garrantzitsuena gatazkak bi alde dituela onartzea da, eta beraz, Baxar al-Assaden gobernuari ez ezik, oposizioari ere erantzukizuna eskatzea. Txinak egindako eskaeren antzekoak jasotzen ditu. Premiazkoena giza laguntza eskaintzea da, eta «lehenbailehen eta oztoporik egon gabe» ailegatu behar du.

Hezbola eta errefuxiatuak

Siriako gatazkak milaka lagun Libanora bidean jarri ditu, baina Hezbola talde xiitak argi utzi du ez dituela Siriako errefuxiatuentzat eremuak onartuko, giza laguntza eskainiko duten arren. Eremuok «erresistentzia habiak» bilakatzeko arriskua dago, handik Siriari eta Libanori erasotzeko eta gatazka hedatzeko, Naim Kassem buruzagiak zehaztu duenez. Kassemek, Damaskoko buruzagiek bezala, pentsatzen du Siria desegonkortzen ari diren taldeetan herri askotako jendea dagoela, leku batetik bestera dabilena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.