«Fartsa hutsa» izan da Mendebaldeko herrialdeentzat joan den igandean Sirian egindako erreferenduma. Errusiarentzat, berriz, «demokraziara bidean emandako pausoa» izan da siriarrek konstituzio berri bat onartu izana. Indarkeria eten barik eta oposizioaren boikot deialdiarekin egin dute galdeketa Sirian, eta parte hartzea txikia izan da, %57,4koa. Erregimenak, ordea, emaitza nabarmendu du ororen gainetik. Boto-emaileen %89,4k babestu egin dute gobernuak proposatutako konstituzio berria, eta soilik %9k bozkatu dute kontra.
«Al-Assaden erreferenduma fartsa hutsa da. Aldaketak, gainera, txikiegiak dira, eta beranduegi iritsi dira», adierazi du John Baird Kanadako Atzerri ministroak. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak, berriz, galdeketarena «estratagema zinikoa» dela salatu du. Joan den astean, hain zuzen, Yemengo presidente berria hautatzeko hauteskundeak «demokraziarako mugarria» zirela nabarmendu zuten Mendebaldeko herrialdeek —bozetako hautagai bakarra Abd Rabu Mansur Hadi izan zen, azken hemezortzi urteetan Ali Adullah Salehen erregimeneko bigarrena izandakoa—. Bestalde, galdeketaren emaitzak ikusi ostean, oposizioaren indarra gutxietsi du Moskuk: «Bistakoa da boikotera deitu zuten oposizioko taldeen eragina mugatua dela eta ezinezko duela Siriaren ordezkaritzaren monopolioa bere gain hartzea».
Erreferendumari boikota egiteko eskatu die herritarrei Siriako oposizioak, eta ohartarazi du erregimenak aldaketa politiko batzuk egin arren konstituzio berria «baliorik gabekoa» izango dela. «Arazorik handiena da gobernua egungo konstituzioa ere urratzen ari dela», salatu du Luay Safi SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko ordezkariak. «Erregimenak bere horretan jarraitzen badu, konstituzio berriak ez du baliorik izango. Horixe da gure beldurra. Horregatik, konstituzio berri bat izateko benetako pausoa gobernu berri bat edo trantsizio gobernu bat eratzea izango litzateke».
Konstituzio berriaren aldaketarik handiena 8. artikulua ezabatzea izan da: 1963az geroztik boterean den alderdia —Baath alderdia— «estatuko eta gizarteko liderra» dela dioen artikulua ez da izango konstituzioan. Aurrerantzean, beraz, beste alderdi politikoek ere aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak presidentetzarako. Gainera, presidenteak, gehienez ere, zazpi urteko bi legealdi egin ahal izango ditu. Aldaketa horiek, nolanahi ere, 2014ko presidentetzarako hauteskundeen ostean sartuko dira indarrean. Boterean hamabi urte daramatza Al-Assadek. Hortaz, beste hamasei urte egin ahal izango ditu karguan, 2028ra arte.
Al-Assadek aitagandik jaso zuen boterea, 2000. urtean. Ordutik hiru galdeketa egin ditu: 2000n, hautesleen %97,29k onartu zuten bera presidente izendatzea, eta 2007an, berrautaketan, %97,62ko babesa jaso zuen.
Egoera humanitario kritikoa
Konstituzio berriaren bozketak, ordea, ez du eraginik izan herrialdeak duen egoera larrian. Nazioarteak erregimenari presio egiten jarraitzen du, bere herriaren kontrako jazarpena gera dezan. Bruselak zigor ekonomiko gehiago onartu ditu, Siriako Banku Zentralaren, gobernuko zazpi ministroren eta metal preziatuen merkataritzaren kontra. Halere, EBko herrialde gehienek adierazi dute eutsi egingo dietela Sirian dituzten enbaxadei.
Herrialdean bertan, berriz, indarkeriak ez du etenik. Armadak herrialdearen ipar-mendebaldeko hirietan erasoak egin zituen atzo, oposizioaren arabera. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak baieztatu du egoera humanitarioa «kritikoa» dela eta premiazkoa dela erregimenaren errepresioaren biktimak artatzea.
Al-Assaden erreformek %90eko babesa jaso dute Siriako galdeketan
Parte hartzea %57koa izan da; Errusiak esan du emaitzak ikusita oposizioa ezin dela jabetu Siria ordezkatzeko monopolioazEuropako Batasunak zigor ekonomiko gehiago ezarri dizkio erregimenari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu