«Al-Assaden ikuskapena» da oposizioarekin eztabaidatzeko baldintza Sirian

NBEren misioko idazkari Al-Baajek dimisioa eman du, «gobernuaren aldean» jarraitu ezin duelako

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Siriak Iranen duen enbaxadore Hamed Hassanen arabera, «Baxar al-Assaden gobernua oposizioarekin eztabaidatzeko prest dago». Hassanen arabera, du bi aldeen arteko elkarrizketak zilegi izateko, «ezinbesteko baldintza» da Al-Assaden ikuskapena». Duela hamazazpi hilabetetik, matxinoen erreboltak hasi zirenetik, gobernuak eta oposizioak ez dute hitz egin gatazkaren konponbide adostua lortzeko. CNS Siriako Kontseilu Nazionala talde matxinoak baldintza modura ezarria dute Al-Assaden dimisioa. Baina gobernuak argi utzi du ez daudela etsitzeko prest.

Bestalde, Bouthaina Xaaban Al-Assaden mandatari berezia Txinan da, eta gaur bilduko da Yang Jiechi Atzerri ministroarekin, Siriako gatazkaz hitz egiteko.Pekingo Atzerri Ministerioko bozeramale Qing Gangek adierazi du Txinak «babestu» egin zuela NBE Nazio Batuen Erakundearen plana. Gaineratu du euren jarrera lehengo bera dela eta Siriako Gobernuari eta oposizioari «konponbide adostu bat bilatzeko» eskatuz jarraitzen dutela.

«Egoerak, okerrera»

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, berriz, adierazi du NBEk «egokitu» egin behar duela Siriako herritarrei ematen dien laguntza. Horregatik, Segurtasun Kontseiluari eskatu dio armatu gabeko behatzaileak erretiratzeko, eta laguntza humanitarioa bideratuko duen misio bat abiatzeko agindu du. Bestalde, NBEren Siriako misioko idazkari eta giza eskubideetako gaien arduradun Danny al-Baajek dimisioa eman du. Al-Baajek azaldu du «egoera okerrera» doala eta ezin duela Siriako Gobernuaren mandatupean herrialdearen «zerbitzuan segitu».

Armadaren eta talde matxinoen arteko borrokek ez dute etenik. Siriako Armada Askeak Deir al-Zur probintzian armadako hegazkin bat eraitsi duela jakinarazi du. Baina bertako telebistaren arabera, «arazo teknikoen ondorioz» erori da hegazkina. Matxinoek adierazi dute armadako 65 kide hil dituztela, Tafas hiriko postu militar bati erasota.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.