Sirian izaten ari diren borroken helburua ez da Siria bakarrik, «Israeli erresistentzia egiten dion inguruko sistema guztia» desegitea baizik. Hala adierazi du Baxaral-Assad Siriako presidenteak, Ali Akbar Salehi Irango Atzerri ministroarekin Damaskon egindako bileraren ondoren. Iran da Siriak Ekialde Hurbilean duen aliatu nagusia, eta bi aldeak elkarlanean jarraitzeko prest agertu dira. Haien ustez, nazioarteak «Mendebaldearen eta Israelen interesen arabera» jartzen dizkie zigorrak, eta biak batera egingo dieteaurre horrek sortzen dizkieten zailtasunei.
Al-Assad hitz egiteko prest agertu da Siriako gatazkan konponbidea lortzeko aurkeztu dituzten proposamenei buruz. Haren esanetan, ordea, plan horiek baldintza bat bete behar dute ondo ateratzeko: «Benetan Siriari lagundu nahi izatea». Al-Assaden arabera, proposamen guztiek Siriaren subiranotasuna errespetatu behar dute, eta atzerriko esku hartze guztiei uko egin behar diete.
Irango ordezkari Salehik, bere aldetik, adierazi du Siria babesten jarraituko dutela: «Damasko ahalegin handiak ari da egiten segurtasuna eta egonkortasuna berreskuratzeko». Hain justu, Irakek gezurtatu egin du Irani bere aire eremutik Siriara armak igarotzen utzi diola. AEBek herenegun ohartarazi zuten Irak zigortzea pentsatzen ari direla,Al-Assaden gobernua armaz hornitzeko bidea eman duelakoan.
Bitartean, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak iragarri du Siriako gatazkak izango duela lehentasuna erakundearen hurrengo batzar nagusian: «Krisi hau bide diplomatikoen bidez soilik konpon daiteke». Munduko agintari guztiei «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die. Asteartean hasikoda batzarra, eta 123 herrialdeetako ordezkariekin biltzeko asmoa du NBEko idazkari nagusiak. Bestalde, Baxar Al-Jaafari Siriak NBEn duen ordezkariak kritikatu egin du erakundeak argitaratutako Haurrak eta gatazka armatuak txostena: «Ez da profesionala. Zintzotasunik gabea da». Haren arabera, Siriaren inguruan ageri den informazioa okerra da, eta herrialdearen gezurrezko irudi bat zabaltzea da helburua. Gobernuak haurrei buruzko nazioarteko akordioak betetzen dituela nabarmendu du Al-Jaafarik: «Haurren aurkako indarkeria talde armatuek soilik erabiltzen dute Sirian».
Palestinarrak jomugan
PAE Palestina Askatzeko Erakundeak salatu duenez, gutxienez hemezortzi palestinar hil zituzten atzo Damaskoko Yarmouk kanpamentuan. Siriako armadari leporatu dizkiote hilketak. PAEk nazioarteari hilketak gaitzesteko eskatu dio. Izan ere, ohartarazi dute palestinarren aurkako jazarpenak ugaritu egin direla azken egunetan. Siriako armadak jakinarazi du Yarmouken egindako operazio horretan ustezko ehun matxino atzeman dituela. Siriako telebistak adierazi duenez, Alepon beste «ehun terrorista afganiar» ere hil ditu armadak.
Oposizioak jakinarazi duenez, Siriako iparraldean egindako beste eraso batean, dozenaka pertsona hil zituen armadak; gasolindegi bat bonbardatu zuen Raqa probintzian. Oposizioko batzordeen esanetan, herrialde osoan gutxienez 120 pertsona hil ziren atzo.
Al-Assaden ustez, Siriako gatazkaren xedea Israelen interesak babestea da
Presidenteak esan du hitz egiteko prest dagoela, baina atzerriko esku hartzerik ez duela onartuko zehaztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu