Al Fata eta Hamas ados jarri dira presoen auzian

Kairon bildu dira maiatzeko akordioari jarraipena emateko, eta preso politiko guztiak aske uztea erabaki dute

2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Al Fata eta Hamas alderdi palestinarrak ados jarri dira bi aldeetako preso politiko guztiak aske uzteko. Kairon bildu dira Azan al Ahmad, Al Fatako ordezkaria, eta Abu Marzuk, Hamasekoa, maiatzean sinatutako bake akordioari jarraipena eman nahian. Hil honen bukaerarako askatu nahi dituzte Gaza eta Zisjordaniako presoak, Ramadana amaitzerako. Irailean berriro bilduko dira, elkarrizketekin jarraitzeko.

«Herritarrek dituzten eguneroko arazoei konponbidea eman nahi diegu, Zisjordania eta Gazako atxilotuen kasua, pasaporteekin dauden arazoak eta bidaiatzeko zailtasunak barne», adierazi du Al Ahmadek; «bilera arrakastatsua izan da, maiatzean adostutakoari bidea eman baitio». Egiptok, berriz, goraipatu egin du bi aldeen artean sortu den «elkarrizketa giroa».

Urtetako gatazkari, irteera

Al Fatak eta Hamasek urteak zeramatzaten elkarren aurka, bereziki 2007an Hamasek Gazaren kontrola hartu, eta Al Fata eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkariak handik bota zituenetik. Orduz geroztik, Hamasen esku egon da Gaza, eta Al Fataren esku Zisjordania. Hala, bi lurraldetan banatuta zeuden palestinarrak bi gobernuren mende geratu ziren. Maiatzaren 4an, ordea, bake akordioa sinatu zuten bi aldeek Kairon. Akordio horren helburu nagusia batasun nazionaleko gobernua osatzea da, Gaza eta Zisjordania kudeatuko dituena.

PANek irailean joko du NBE Nazio Batuen Erakundera estatu palestinarra aldarrikatzera, Jerusalem ekialdea hiriburu duelarik, eta 1967ko mugetan oinarrituta. Hala, Hamas eta Al Fataren arteko akordioek garrantzi handia dute irailera begira, estatu bateratuaren itxura emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.