Al-Fataheko batzordeko kide Muhammad al-Madani eta Nabil Xaath eta Amin Maqbul goi mandatariak Gazara joan dira, bertako alderdikideekin, Hamasekin eta gainontzeko talde palestinarrekin hitz egiteko. Al-Madanik ez du zehaztu zein den elkarrizketa horien helburua, baina Hamaseko buruekin bil daitezkeela adierazi du. Al-Fataheko kide Atif Abu Seifen arabera, Gazara egindako bisitaren helburu nagusia Hamasekin eta gainontzeko alderdiekin adiskidetzeko saioak egitea da. Bestalde, Gazako Hamasen gobernuko bozeramaile Tahir al-Nunuk ongietorria eman die Al-Fataheko kideei.
Bi alderdi palestinarrek adiskidetze ituna sinatu zuten duela urtebete, baina ez ziren gai izan gobernu bateratua sortzeko ados jartzeko, eta ituna apurtu zuten. Harrezkeroztik, bi alderdien arteko harremanak gaiztotu egin dira; Al-Fatah Israelekin negoziatzeko prest agertu den bakoitzean, Hamasen haserrea piztu dute.
Hain zuzen ere, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko burua Israelekin bake negoziazioei berrekiteko prest agertu da, hark «proposamen positiboa» egiten badio. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Shaul Mofaz Kadima alderdiko buruzagiak gobernu koalizioa egiteko akordioa sinatu zuten herenegun; Mofazek behin baino gehiagotan leporatu dio Netanyahuri bake negoziazioak porrotera eraman izana. PANeko presidentetzako bozeramaile Nabil Abu Rudeinehek «bakerako aukeraz balia» dadila eskatu dio Netanyahuri: «Hau da bakea lortzeko une egokiena».
Bestalde, Europako Batasunak 674.370 euroko laguntza eman dio palestinarren Hauteskunde Batzorde Zentralari, Zisjordaniako eta Gazako bozak antolatzen laguntzeko.
Presoen aldeko protestak
Israelen preso dauden sei palestinarrek 47 eta 71 egun artean daramatzate gose greban, etahiltzeko zorian daude. Abbasek ohartarazi du presoak hiltzen badira ondorioak «beldurgarriak» izango direla. Hain zuzen ere, protesta egin dute Ramallaheko Nazio Batuen Erakundearen eraikinean, presoen egoera konpontzeko presio egin dezatela eskatzeko.
Al-Fatah Gazan bilduko da Hamasekin eta gainontzeko alderdi palestinarrekin
Israelekin bake negoziazioei berrekiteko prest agertu da Mahmud Abbas PANeko burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu