Al-Fatahek eta Hamasek bihar hitzartuko dute trantsizioko gobernu berria

Abbasek eta Mashalek palestinarren arteko adiskidetzeari bultzada emango diote Jordaniako bileran

Erredakzioa
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Teknokratek eta politikari independenteek osatutako gobernua hitzartzeko bilduko dira PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas eta Hamaseko buruzagi Jaled Mashal, bihar, Jordanian. Al-Fatahen Kontseilu Iraultzaileko idazkari nagusi Amin Maqbulek jakinarazi du bilera horren ostean jakinaraziko dutela PAE Palestina Askatzeko Erakundearen trantsizioko gobernuaren osaera.

Palestinarren adiskidetze prozesua bultzatzeko giltzarrietako bat da Al-Fatah eta Hamasek trantsizioko gobernu bat osatzea. Izan ere, azken bost urteetan etsaituta ibili dira, eta erabat hautsita izan dituzte harremanak: nork bere barrutian agindu du, Hamasek Gazan eta Al-Fatahek Zisjordanian. Udaberri arabiarraren harira, iazko maiatzean hasi zen palestinarren bi indar nagusiak adiskidetzeko prozesua. Urte amaieran, hauteskunde orokorretara eramango lukeen bide-orri bat ere hitzartu zuten Kairon.

Al-Fatahek eta Hamasek adiskidetze akordioa egin zutenean, hauteskunde orokorrak aurtengo maiatzaren 4an egitea aurreikusi zuten. Bihar hitzartzekoa duten gobernuaren zeregin nagusia izango da hauteskundeak egin bitarteko prozesua gidatzea. Baina epez kanpo dabiltza, eta Amin Maqbulek berretsi du Hauteskunde Batzordeak ezinezko ikusten duela dagoeneko egun horretarako bozetara deitzea.

Meshal, igandetik Jordanian

Hamasen eta Jordaniako erresumaren arteko harremanak gatazkatsuak izan dira, duela 12 urte Ammanek mugimendu islamiarraren egoitza itxi eta Jaled Meshal eta beste hiru buruzagi kanporatu zituenetik. Urte hauetan guztietan Jordaniara itzuli izan da Hamaseko buruzagia, baina bisita pribatuak izan dira beti, eta igandean, aurreneko aldiz, harrera ofiziala egin zion Jordaniako errege Abdala II.ak. Palestinarren arteko adiskidetze prozesua babestu zuen Abdala II.ak, eta hitzarmen horrek «Palestinako herria eta dagozkion eskubideak berreskuratzeko ahalegina» indartzen dituela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.