Al Fatak eta Hamasek batasun nazionalerako akordio oinarria adostu dute

Behin-behineko gobernua osatuko dute, eta hauteskundeetara deituko dute datorren urterako

Jon Fernandez.
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Al Fata eta Hamas alderdi palestinarrek batasun nazionalerako akordiorako oinarri bat adostu dute Kairon, eta maiatzaren 5ean sinatuko dute akordioa. Hori horrela, amaiera eman diote lau urtez bi alderdien artean izan dituzten liskarrei. Orain artean bat ez zetozen «auzi guztietan» lortu dute adostasuna, eta behin-behineko batasun nazionaleko gobernua osatuko dutela eta datorren urterako bozetara deituko dutela aurreratu dute.

Egun, Gazan gobernatzen du Hamasek, eta Zisjordanian, Al Fatak. Bi alderdiak mahai beraren inguruan jartzeko gonbita egin zien Egiptok, eta hainbat bilera sekretu izan dituzten Kairon; Murad Muafi Egiptoko zerbitzu sekretuetako buruaren gidaritzapean egin dituzte. Azkenik, atzoko bileran adostasuna lortu zuten Azam al Ahmad Al Fatako ordezkariak eta Musa Abu Marzuk Hamaseko ordezkariak. Akordioa datorren maiatzaren 5ean sinatuko dute, publikoki, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak eta Khaled Meshal Hamaseko buruak. Gainera, Al Fata eta Hamaseko ordezkariez gain, bestelako alderdi palestinarretako buruak eta independenteek ere akordioa sinatuko dute.

Lau urteko gatazka

Hamasek eta Al Fatak lau urte daramatzate muturtuta, eta palestinarren arteko gatazka ixtea da hain justu lortu berri duten adostasunaren asmoa. 2006ko hauteskundeetan botoen gehiengoa lortu zuen Hamasek Gazan, bertako Gobernura iritsiz. Bi alderdien arteko liskarrek gora egin zuten Hamasen garaipenaren ostean, eta 2007ko liskarren ondorioz Gazako kontrol osoa hartu zuen Hamasek, Al Fatako jarraitzaileak kanporatuz. Ordura arteko batasun nazionaleko gobernua hautsi zuen bost egun iraun zituen gerra zibilak. Harrezkero, Zisjordanian baino ez du agintzen Al Fatak, eta Israelgo Gobernuak blokeo izugarria ezarri dio Gazari.

Hortaz, palestinarrek lau urte daramatzate bi gobernutan eta bi lurraldetan bananduta, bien helburua Palestinako Estatu bakarra sortzea bada ere. Hain zuzen ere, azken hilabetean hainbat palestinarrek manifestazioak egin dituzten bai Gazan eta bai Zisjordanian politikari palestinarrei adostasuna lortzeko eskatuz.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Mahmud Abbas PANaren presidentearekin bake prozesua abiatzeko saio bat egin zuen, baina guztiz etenda dago iragan irailetik. Israelgo Gobernua koloniak eraikitzen hasi zen Zisjordaniako hainbat tokitan, eta palestinarrek negoziazio mahaitik alde egin zuten. Harrezkero, Palestina nazioartean estatu gisa —1967ko mugak mantenduta— onartzeko kanpaina abiatu du PANek.

Edo Israel, edo Gaza

Palestinarren arteko akordio historikoaren berri jakitean, bere jarrera zein den adierazi aurretik akordiorako oinarria aztertzen ari dela jakinarazi du Ashley Perry Israelgo Gobernuaren bozeramaileak. Alabaina, zuzenagoa eta argiagoa izan da Netanyahu: «Mahmud Abbasek aukeratu egin behar du bakea norekin eduki, Israelekin ala Hamasekin».

Dena dela, Hamas eta Al Fataren arteko adostasuna mamitzea ez da erraza izango Israelek,AEBek eta EBk talde terroristatzat baitaukate Hamas. Horrek batasun nazionaleko behin-behineko gobernu palestinarraren bidea oztopa dezake. Halaber, badira bidea zaildu dezaketen bestelako faktoreak ere Abdelkader Iazni aditu palestinar independentearen ustez: «Baldintzak zailagoak dira orain, Hamasek gehiago eskatzen duelako eta Al Fata ahulago dagoelako Hosni Mubaraken babesa galdu ostean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.